Landazelaietan tramitatu den hirigintza hitzarmenaren inguruan herriko talde ezberdinen iritziak karrikaratzen ari dira azken hilabeteetan. Joan den ortziralean ez ohiko batzarra egitekoa zuen Udalak, hirigintza hitzarmenaren onarpena eztabaidatzeko.
Maiatzaren 16an, Onin Udal Taldeak jendaurrean egindako aurkezpenean aipatu zuenez, plenoan gai ordenean hitzarmenaren onarpena ez sartzea eta aste pare batez gibeleratzea eskatu zuen. Onin Udal Taldea prestatzen ari den planteamendu berria bertze udal taldeei aurkeztu nahi die, denen artean eztabaidatzeko.
Oninen agerraldiak herritarren interesa piztu zuen, Kasinoa jendez gainezka baitzegoen. Horietatik aunitz merkatariak ziren. Izan ere, Udalak esku artean duen azken proeiktuaren arabera, 340 etxebizitza ez ezik, 3.000 metro koadroko merkataritza zentroa aurrikusia dago eta azken honek, nola ez, kezka sortu du herriko dendarien artean.
Proiektu hau ez da Onin taldearen gustukoa. Sortzen den eraikitako masa trinkoegia iruditzen zaio eta espazio irekiak desagertu direla dio. Hori dela eta Udalak antolamendu berria exijitu beharko lukeela uste du Oninek, inguruarekin atseginagoa eta integratuagoa izateko. Horrez gain, etxebizitza pribatuak eta babes ofizialekoak elkarrekin nahastu behar direla dio Oninek, oreka soziala bilatzeko. Dendak eta ostatuak kontzentratu beharrean, etxebizitzen azpian banatzea hobe dela uste du Oninek.
Bertzalde, ezker abertzaleak bultzatuta, gai honi buruzko informazioa emateko udal batzarra eskatuz sinadura bilketa egin da. Edurne Rekondok eta Iban Maiak aipatu digutenez, 234 sinadura bildu dituzte eta maiatzaren 16an aurkeztu zituzten Herriko Etxean. Gai honi buruz lesakarren iritzia kontuan hartzea eta oraindik gauzak ongi egiteko tenorez gaudela ere aipatu zuten.