Joan den ortziralean, maiatzak 23, Bortzirietako Aspaceko delegazioa inauguratu zen Beran. Ekitaldia 17:30tik aurrera izan zen Uxane okupazio zentroaren eta Maddi egotetxearen kanpoaldean. Festa honetan, musika eskolako ikasleek, Berako abesbatzak, Ertz kolektiboak eta zonaldeko artista ezberdinek parte hartu zuten eta hainbat bizilagun ere hurbildu ziren, musikaz eta emozioz betetako ekitaldian parte hartzera. Izan ere, inaugurazio ekitaldia besta ttiki bat izan zen. Delegazio berriaren ondean dagoen Isidoro Fagoaga musika eskolako trikitixa eskolakoek ireki zuten jaialdia. Segidan, Maddi egotetxeko kideek eta Uxane okupazio zentruko ikasleek dei egin zieten bizilagunei, ekitaldian parte hartzeko. Horretarako, erresidentziako leihoetatik eta inguruko etxeetako balkoietatik turutak jo zituzten, jendearen harridurarako.
Solasaldien txanda
Ondotik, hitza hartu zuten Luis Antonio Gomara, Nafarroako Aspaceko presidenteak; Nuria Baiona, Bortzirietako Aspaceko ordezkariak eta Josu Iratzoki Berako alkateak. Gomarak, delegazio berriaren plaka agertu zuen eta ohorezko aurreskuaren ondotik, Berako Abesbatzaren txanda izan zen.
Ixabel Irazokiri omenaldia
Seguruenik ekitaldiko unerik hunkigarrien etorri zen gero. Aspaceko bi kidek, Susana Fragosok eta Begoña Igoak, lore-xorta eskaini zioten Ixabel Irazokiri. Urtetan, Uxaneko kideak beraien etxeetatik zentrura ekarri eta zentrutik etxeetara eramateko ardura izan du Ixabelek eta orain, erretiroa hartu berritan, Uxaneko ikasleen oroigarria hartu zuen. Ez zuen halakorik espero eta emozioz beterik hartu zuen omenaldia eta txalo zaparrada.
Aspacekoen emanaldia
Inaugurazio ekitaldia akautzeko, Aspacekoen emanaldia etorri zen. Lehenik, beraien turutekin pieza bat jo zuten, Ertz taldearekin egiten ari diren elkarlanaren erakusgarri. Ondotik, koreografia bat erakutsi zuten, elkarteko kide gazteenekin batera.
30 urte Bortzirietan
Aspacek zonaldean 30 urte baina gehiago eramaten ditu lanean. Urte hauetan zentro ezberdinak sortu ditu minusbaliotasuna duten pertsonen beharrak asetzeko: Berako Uxane okupazio zentroa, Lesakako Otsango auzoko lan zentro berezia eta Berako Maddi egotetxea. Bera eta Lesakako karriken garbiketa eta Berako lorategien mantenua ere egiten dute Aspaceko langileek. Honetaz gain, helduentzako aisialdi zerbitzua eskaintzen du duela lau urtetik honat eta haur eta gazteentzako, aurten, apiriletik hasita. Kultur ekitaldietara joateaz gain, adibidez, musikoterapia eta dramaterapia lantzen dituzte.