Begiraleen lan-poltsa osatzeko deialdia egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 23a, 16:07

Eskaerak maiatzaren 31 baino lehen egin behar dira

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, begirale arduraduna eta begirale lanpostuak betetzeko begiraleen lan-poltsa osatu nahizik dabil. Begirale arduraduna izateko bete beharreko baldintzen artean honako hauek daude: Batxilergoa edo Goi Mailako Lanbide Heziketa ikasketak izatea, aisialdi eskola batek egiaztatutako begirale titulua izatea eta euskaraz jakitea, hau da, hitz egiteko eta idazteko gaitasuna izatea. Begirale lanposturako, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak eta euskaraz hitz egiteko eta idazteko gaitasuna eskatzen dira. Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik jakinarazi dutenez, zerrenda, bereziki udaleku irekietarako begiraleak kontratatzeko erabiliko da.

Curriculumak maiatzaren 31 baino lehen

Eskaerak egiteko, curriculumak maiatzaren 31ko eguerdiko 12ak baino lehen aurkeztu beharko dira Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen helbidean; Herriko Plaza ; 31790 Arantza edo posta elektronikoaren bidez, euskara@bortziriak.org helbide berrira. Baloratuko diren merezimenduei eta gainerako xehetasun guziei buruzko informazioa eskuratzeko helbide horietan edo 948 634125 telefonora deituz eskura daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun