120 musikari bildu zituen Lesakako Musika Banden Alardeak

Aitor AROTZENA 2008ko maiatzaren 22a

Herrikoekin batera, Garinoain eta Araiakoak aritu ziren

Larunbatean, maiatzaren 17an, Musika Banden laugarren alardea egin zen Lesakan, herriko musika bandak, udalaren laguntzarekin antolatuta. 2004an egin zen lehen aldiz Musika banden alardea eta 2005ean eta 2006an egin ziren hurrengo edizioak. Joan den urtean, aldiz, ez zen egin, Lesakako Musika bandak 150. urteurrenaren ospakizunak antolatzen lan handia egin behar izan baitzuen. Beraz, aurten laugarren edizioa plantatu zuen eta ekitaldira Tafalla ondoko Garinoiain eta Arabaki Araiako musika bandak gonbidatu zituen. Lesakako musika bandak 48 musikari bildu zituen, Garinoaingoak ere 40 bat eta 30 inguru Araiakoak. Beraz, ehun musikari baino gehiago

Martxel Rodriguezek aurreskua

Arratsaldeko 5ak aldera biltzen hasi ziren musikariak Plaza Zaharrera. Halere, denak biltzea kosta zen pixka bat, arabarren autobusa berandu xamar ailegatu bazen. Bitartean, Lesaka eta Garinoaingo musikariak urduri zeuden, beraien musika tresnak afinatzen, elkarrekin solasean… Azkenean, musikari guziak bildu zirenean, musika banden alardeko argazki ofiziala atera zuten. Segidan, Martxel Rodriguez dantzariak aurreskua eskaini zien bildutako taldeei, musikarien eta plazan bildutakoen txalo zaparrada artean.

Karrikaz karrika

Aurreskuaren ondotik, musika bandek, bakoitzak bere aldetik, karrika buelta egin zuen. Lesakako Musika bandak Bittiria aldeko ibilbidea egin zuen; Araiakoak Ote eta Arretxea karriketan barna joan zen eta Garinoaingoak Albistur eta Antoiu aldekoa. Beraz, musika doinuak lau haizetara hedatu ziren larunbatean Lesakan.

Kontzertua plazan

Karrikaz karrikako ibilaldia egin ondotik, musika banda guziak berriz ere plazan bildu ziren eta alardearen bigarren zatiari ekin zioten, kontzertuari. Euskal musika klasikoa eta modernoa, munduko klasikoak, baita filmeetako musika izan zen entzungai jendez gainezka zegoen plazan. Lehenik, Araiako Musika bandaren txanda izan zen. Alfredo Marquinez zuzendariaren erranetara, Lasagabasterren “Aitzgorri”, Jose Francoren “Aires Vascon nº 2”, Favaroren “Giuni” eta Schefferen “New York, New York” jo zuten.
Garinoaingo musika bandak, Oscar de Estebanen erranetara, Ignacio Sanchezen “Caballeros de Navarra” jo zuten lehenik. Gero, beraien eskualdeko himnoa izan daitekeena eskaini zuten, Benito Lertxundiren “Baldorba” hain zuzen. Beraien emanaldia akautzeko, Jacob de Haan-en “Oregón” jo zuten.

Lesakarren emanaldia Iraia Etxabideri eskainia

Azkenik, Lesakako Musika bandaren txanda izan zen. Ekitaldiaren aurkezpena egin zuen Egoitz Telletxea musikariak gogorarazi nahi izan zuen kontzertua Iraia Etxabide banda kideari eskainia zela, berriki aita, Juan Tomas Etxabide, galdu baitu. Txalo zaparrada handia izan zen Iraiari animoak emateko eta Juantoren oroimenean.
Lesakako musika bandak, lehenik, Julio Ortega “Canario” ezagunak konposatutako “Tolosa” pasodoblea jo zuen, James Hornerren “La mascara del zorro” gero eta lesakarren emanaldia akautzeko Jacob de Haan-en “The Blues Factory”. Plazako kontzertua akautzeko, banda guziek batera Pepito Yanciren “Lesaka” jo zuten, Mikel Iriarteren zuzendaritzapean.
Alardeari segida emateko, nola ez, musikari guziak afari batean akautu zuten eguna…
Armonia onean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun