Joan den urte hasieran apostu ikusgarri baten protagonista izan ziren Patxi Iratzoki eta Xebaxtian Antxordoki igantziarrak. Lesakako Bereautik abiatu eta Piedadeko gainera arte karrera egin zuten, Patxik lasterka eta Xebaxtianek bizikletaz. Honek zelaian ateratako abantaila deusean utzi zuen Patxik Piedadera igotzen eta irabazle izan zen korrikalaria.
Boskotea nagusi Apitturako bidean
Bada, apostu kontuei segida eman zioten larunbatean, maiatzaren 17an, bertze bat egin baitzuten. Oraingoan ere Patxi Irazoki eta Xebaxtian Antxordoki izan ziren protagonistak alde batetik eta bertze aldetik, antolatzaileek erran bezala, «bortz kaskagor»: Gaxteluko Iñaki Bereau, Argatxeberriko Aitor Almandoz, Antxontxeberriko Josu Telletxea, Iñaki Portu eta Mendibilko Karlos Sein. Igantziko frontoitik abiatu eta Apittuko kaxkoko etxe ttikira nor lehenago ailegatu zen kontua. Patxi Irazokik zati gehienean bakarka aritu behar izan zuen, nahiz eta garrantzitsuenak diren azken 25 metrotan Agerreko Xebaxtian Antxordokiri utzi lekukoa. Bertze bortz protagonistek erreleboka egin zuten lasterketa guztia. Garaipena bortz lagunentzat izan zen, bi minutuko aldea atera baitzieten Patxiri eta Xebastiani.
Ikusmina kaxkoan
Lau minutu inguruko erreleboak egin zituzten irabazleek eta Patxi Irazokik, kirolari prestatua izan arren, ezin izan zuen erritmoa eutsi. Azken 25 metrotan abantaila murriztu zuen Xebaxtianek, baina ez zen nahikoa izan. Edonala ere, probak ez zuen ikusminik galdu azken momentura bitarte eta hainbat igantziar bildu ziren Apittuko kaxkoan, Beñat Txoperenak ateratako argazkian ikus daitekenez.