Lesakako Landazelaietan tramitatu den hirigintza hitzarmenaren inguruan herriko talde ezberdinen iritziak karrikaratzen ari dira azken hilabeteetan. Gainera, ortziral honetan ez ohiko batzarra ere eginen du Udalak, hirigintza hitzarmenaren onarpena eztabaidatzeko.
Ikusmina
Joan den ortziralean, Onin udal taldeak jendaurrean egindako aurkezpenean aipatu zuenez, plenoan gai ordenean hitzarmenaren onarpena ez sartzea eta aste pare batez gibeleratzea eskatu zuen. Onin udal taldea prestatzen ari den planteamendu berria bertze udal taldeei aurkeztu nahi die, denen artean eztabaidatzeko. Oninen agerraldiak herritarren interesa piztu zuen, Kasinoa jendez gainezka baitzegoen. Horietatik aunitz merkatariak ziren. Izan ere, udalak esku artean duen azken proeiktuaren arabera, 3.000 metro koadroko merkataritza zentroa aurrikusia dago eta horrek, nola ez, kezka sortu du herriko merkatarien artean.
340 etxebizitza egiteko asmoa
Oninen azalpenari dagokionez, gaur egun hautetsiak diren Fermin Altzugaraiek eta Deñe Abuinek, aitzineko legealdian zinegotzi izandako Gabi Igartzabalekin batera azalpenak eman zituzten, diapositiben laguntzarekin. Oninen ustez, Landazelaietako azken garapen ereduaren aitzinean udalaren aldetik hobekuntza garrantzitsuak eta Lesaka bezalako herriari egokioago zaion eredu bat definitu eta defendatu behar dira. Landazelaiako lurrak erosi zituen promotoreak lur horiek bigarren bati saldu zizkion eta tartean espekulazio mugimenduak izan direla aipatu zuten Onineko zinegotziek. Honela, udal hirigintza planaren arabera 230 etxebizitza egin behar ziren, 116 babes ofizialekoak eta 114 libreak. Baina legeak onartzen duen gehiengora jo zuen lehen promotoreak, Aldabeak eta 110 etxebizitza gehiago, 340 etxebizitzako proiektua aurkeztu zuen. Horietatik 168 babes ofizialekoak izanen lirateke eta 172 libreak. 35.000 metro koadroko parkea ere proposatzen zuen Aldabeak.
Etxebizitza kopuru bera eremu murritzagoan
Baina geroztik, uholde lerroa gibeleratu egin du Espainiako Iparraldeko Ur Konfederazioak eta, beraz, lur eremu ttikiagoa gelditzen da eraikitzeko. Halere, azken promotoreak, Sukiak, lur eremu estuago horretan, etxebizitza kopurua mantentzen duen proiektua aurkeztu du. Proiektu hau ez da Onin taldearen gustoko. Sortzen den eraikitako masa trinkoegia iruditzen zaio eta espazio irekiak desagertu direla dio. Hori dela eta udalak antolamendu berria exijitu beharko lukeela uste du Oninek, inguruarekin atseginagoa eta integratuagoa izateko. Horretaz gain, etxebizitza pribatuak eta babes ofizialekoak elkarrekin nahastu behar direla dio Oninek, oreka soziala bilatzeko. Zerbitzuak ere sobera kontzentratuak antolatuak ageri dira Oninen arabera. Arestian aipatu dugunez, 3.000 metro koadroko merkataritza gunea izanen litzateke eta Onin taldeari egokiagoa iruditzen zaio erabilera hau etxebizitza erabilerarekin nahastea. Izan ere, herriko merkatarientzat kolpe handia izanen litzateke horrelako merkataritza gune bat irekitzea. Etxebizitzen beheko aldean denda eta ostatu ttikiagoak irekiko balira aldiz, gaur egun dauden establezimenduek konpetitzea samurragoa izanen lukete. Azkenik, hainbertzeko garrantzia duen hirigintza garapen honen aitzinean, guztia batera ez egiteko aukera eta hori arautzea egokiagoa dela dio Oninek, faseak zehaztuz.
234 sinadura informazio udal batzarra eskatuz
Baina Oninen agerraldia ez zen joan den ortziralean gai honen inguruan egindako bakarra, Ezker Abertzaleak bultzatuta, gai honi buruzko informazioa emateko udal batzar bat eskatuz sinadura bilketa egin da asteotan. Edurne Rekondok eta Iban Maiak aipatu digutenez, 234 sinadura baino bildu dituzte eta ortziralean bertan aurkeztu zituzten Herriko Etxean. Lesakan ezarri diren panelen bidez, gai honi buruz duten informazioa ere paratu dute. Bertzeak bertze herrian dagoen etxebizitza eskasia nabarmen gainditzen omen dute Landazelaian egin gogo diren 340 etxebizitzek. Gainera, ingurua nola geldituko litzatekeen azalduz egindako fotomontaiak ere zer erran ugari eman du. Gai honi buruz lesakarren iritzia kontuan hartzea eta oraindik gauzak ongi egiteko tenorez gaudela aipatu ziguten Edurne Rekondok eta Iban Maiak.