Astebete eman dute gurean, Berako Toki-Ona Institutuak gonbidatuta eta Bera ez ezik, Iruñea, Donostia eta Bilbo ere ezagutu dituzte. Helburua, ingeles praktikak egitea eta nola ez, elkar ezagutzea, “From the Pyrenees to the Alps” egitasmoaren barrenean. Duela pare bat urte Irlandan sortutako ideiari joan den ikasturtean hasi zitzaion itxura ematen, elkartrukatze birtualaren bidez. Ikasturte osoan, Berako eta Caravaggioko ikasleak beraien errealitatea deskribatuz eta bertze motako lanak posta elektronikoaz elkarri bidali zizkieten ingelesez.
Ikasturte honetan, berriz, birtuala zena fisiko bihurtu da. Apirilean Bortzirietako ikasleak Italian izan ziren eta aste batean Venezia, Bergamo, Trevigglio, Como edo Milan bezalako hiriak ezagutu zituzten, bertako ikasleak lagun zituztela.
Orain, italiarrek bisita bueltatu dute eta gustora ibili dira Euskal Herrian. Astearte eguerdian, despedida gisara, hameketakoa prestatu zieten Toki-Onakoek Gure Txokoa elkartean, tarta berezia eta guzi.
Denak elkarrekin zeudela aprobetxatuz, egitasmo honen berri jakiteko, Iñigo Arana, Toki-Ona Institutuko ikasleari galdetu diogu. Hagitz kontent dago esperientziarekin eta Italian ederki pasatu zutela aipatu digu.
Baina noski, italiarrak izan dira protagonista aste honetan. Astebetez, Bortzirietako ikasleen etxeetan lo egin dute eta ingurua ezagutzeko eta ingelesa praktikatzeko baliatu dute. Praktika horiek nabarmen utzi dituzte Iñigo Aranak berak eta Giulia Vassallik, elkarrekin ingelesez egindako elkarrizketan.
Beraz, bikain pasatu omen dute italiarrek astea gurean eta gehien gustatu zaiena, Donostiako hondartza izan da. Kontuan hartu behar da beraiek itsasotik hiru ordura bizi direla eta gainera, nahiko kutsatua dagoela beraien kostaldea. Hemengo ohituren artean, euskara egin zaie berezia, honat etorri arte, gazteleraren dialekto bat zela uste baitzuten. Solasen bat edo bertze ikasi dute euskaraz eta Giuliak aipatu bezala, Agur erranez joan dira.
Agur bai, Arrividerci, Good Bye.