Lasterketa apostu berezia eginen dute larunbatean Igantzin

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 16a

Patxi Irazoki, bost lagunen kontra ariko da frontoitik Apittura

Joan den urte hasieran apostu ikusgarri baten protagonista izan ziren Patxi Irazoki eta Xebaxtian Antxordoki igantziarrak. Lesakako Bereautik abiatu eta Igantziko plazara arte karrera egin zuten, Patxik lasterka eta Xebaxtianek bizikletaz. Honek zelaian ateratako abantaila deusean utzi zuen Patxik Piedadera igotzen eta irabazle sartu zen korrikalaria Igantziko plazan.

Patxi eta, azken 25 metrotan Xebaxtian, “bortz kaskarroren kontra”

Bada, apostu kontuekin segitzen dute Igantzin eta larunbat honetan, maiatzaren 17an, arratsaldeko 19etatik aitzinera bertze bat izanen dute. Oraingoan ere Patxi Irazoki eta Xebaxtian Antxordoki izanen dira protagonista alde batetik eta bertze aldetik, antolatzaileek erran duten bezala, 5 kaskagor: Gaxteluko Iñaki Bereau, Argatxeberriko Aitor Almandoz, Antxontxeberriko Josu Telletxea, Iñaki Porttu eta Mendibilkuako Karlos Sein.

Lehia zertan den? Igantziko frontoitik abiatu eta Apittuko kaxkoko etxe ttikia nork lehenago ukittu. Patxi Irazoki bakarka aritu beharko da, nahiz eta garrantzitsuenak diren azken 25 metrotan Agerreko Xebaxtian Antxordokiren ezinbertzeko laguntza izanen duen. Bertze 5 protagonistek erreleboka eginen dute lasterketa. Ikusgarria izanen da. Irteera beraz, larunbat arratsaldeko 19etan Igantziko plazatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun