Musika banden alardea eginen da larunbatean Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 16a

Herrikoarekin batera, Garinoain eta Araiakoak ariko dira

Musikazaleek gozatzeko aukera ederrak dituzte hilabete honetan Lesakan. Errate baterako, larunbat honetan, maiatzaren 17an, Musika Banden Alardea antolatu du Lesakako bandak, Udalaren laguntzaz. Herriko musika bandarekin batera, Nafarroako Garinoiain eta Arabako Araiakoa izanen dira musika banden alarde honetan.

Ongietorri aurreskua

Arratsaldeko 17:30ak aldera aurresku batekin eginen zaie ongi etorria bandei. Segidan kalejira eginen dute, bakoitzak bere bidetik eta azkenik, banda bakoitzak kontzertu ttiki bat eskainiko du plazan. Musikariak afaltzera bilduko direla ere aipatu digu Mikel Iriarte, Lesakako Musika Bandako zuzendariak.

Musika eskolako ikasleen arteko txapelketa

Hurrengo larunbatean, maiatzaren 24an, ikasleen arteko txapelketa antolatu du Musika Eskolak, bere lehen musika ekitaldiaren barrenean. Txapelketa udaletxeko pleno aretoan eginen da.

Akordeolari taldeak 25 urte

Bertzetik, akordeoilari taldea bere 25. urteurreneko ospakizunetan ari da. Joan den larunbatean emanaldi bikaina eskaini zuten 25 urte hauetan taldetik pasatu diren akordeoilariek, lehenik kalejiran eta gero kontzertuan. Maiatzaren 31n, berriz, Enrike Zelaiak eta Iñaki Dieguezek kontzertua eskainiko dute Onin errekaren gainean, arratseko 20:15ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun