Lesakako Landazelaietan tramitatu den hirigintza hitzarmenaren inguruan herriko talde ezberdinen iritziak karrikaratzen ari dira azken hilabeteetan. Ezker Abertzaleak bultzatuta, gai honi buruzko informazioa emateko batzar bat eskatuz sinadura bilketa egin da asteotan. Edurne Rekondok aipatu digunez, berrehun sinadura baino gehiago bildu dituzte eta egunotan aurkeztuko dituzte Herriko Etxean. Lesakan ezarri diren panelen bidez, gai honi buruz duten informazioa ere paratu dute. Bertzeak bertze herrian dagoen etxebizitza eskasia nabarmen gainditzen omen dute Landazelaian egin gogo diren 324 etxebizitzek. Gainera, ingurua nola geldituko litzatekeen azalduz egindako fotomontaiak ere zer erran ugari eman du.
Oninen barne erreflexioa
Onin udal taldeak ere gai honi buruzko barne erreflexioa egin du eta beraien proposamena herriari azaltzeko agerraldia eginen du ortziralean, maiatzaren 16an, arratsaldeko 20:00etan Kasinoan. Oninen ustez, Landazelaietako azken garapen ereduaren aitzinean udalaren aldetik hobekuntza garrantzitsuak eta Lesaka bezalako herriari egokioago zaion eredu bat definitu eta defendatu behar dira.
Etxebizitza gehiegi, eremu ireki guttiegi
Honela, sortzen den eraikitako masa trinkoegia iruditzen zaio Onin udal taldeari eta espazio irekiak desagertu direla dio. Hori dela eta udalak antolamendu berria exijitu beharko lukeela uste du Oninek, inguruarekin atseginagoa eta integratuagoa izateko. Horretaz gain, etxebizitza pribatuak eta babes ofizialekoak elkarrekin nahastu behar direla dio Oninek, oreka soziala bilatzeko. Zerbitzuak ere sobera kontzentratuak antolatuak ageri dira Oninen arabera, eta egokiagoa iruditzen zaio erabilera hau etxebizitza erabilerarekin nahastea. Azkenik, hainbertzeko garrantzia duen hirigintza garapen honen aitzinean, guztia batera ez egiteko aukera eta hori arautzea egokiagoa dela dio Oninek, faseak zehaztuz.
Udalean eztabaidatu beharra
Oninen dioenez, udalean eztabaida zehatza ireki behar da gai honen inguruan, horretarako proposamen zehatzak aurkeztuz. Horregatik, hurrengo plenoan gai ordenean hitzarmena bere onarpenerako ez sartzea eskatu du Onin udal taldeak. Aste pare bat gibeleratuta, Onin udal taldea prestatzen ari den planteamendu berria bertze udal taldeei aurkezteko eta denen artean eztabaidatzeko aukera izanen litzateke. Dena den, aipatu bezala, Oninek ortziral arratseko 20:00etan eginen du bere proposamenaren azalpena Kasinoan.