Nafarroako 23 urtez beheitiko txirrindularitza txapelketa irabazi du Joseba Larralde beratarrak

Aitor AROTZENA 2008ko mai. 14a, 16:50

Joseba Larralde kontent dago asteburu honetan irabazi dituen bi maillotekin: Nafarroako txapeldun 23 urtez beheitiko mailan eta euskaldunik onena Bidasoako Itzulian. TTIPI TTAPA

Bidasoako Itzulian euskaldun onenaren maillota ere jantzi zuen Bidelan-Kirolgi taldeko txirrindulariak

Maiatzaren 11n Obanosen Nafarroako afizionatu mailako errepideko txirrindularitza txapelketa erabaki zen. Lasterketan bigarren gelditu zen Joseba Larralde, Bidelan-Kirolgi taldeko txirrindulari beratarra, Carlos Delgadoren gibeletik. Elite mailako txapelketa ezin izan zuen irabazi, baina 22 urte bakarrik dituenez, 23 urtez beheitiko Nafarroako txapeldunaren maillota lortu zuen Larraldek. “Azkenera elkarrekin ailegatu ginen, baina azkenean bera izan zen indartsuagoa. Ilusio handiagoa egiten du karrera irabazteak, baina halere kontent nago 23 urtez beheitikoen maillot gorriarekin”.

Bidasoako Itzulian zazpigarren eta lehen euskalduna

Bezperan akautu zen Bidasoako Itzulian zazpigarren izan zen sailkapen orokorrean, eta lehendabiziko euskaldunaren maillota ere jantzi zuen. Asteburu emankorra izan zen, beraz, Joseba Larralderentzat. (korte 2) “Denboraldi hasieratik Bidasoako Itzuli hau genuen burutan. Karrera nahiko nahasia joan zen, hirugarren etapan, Agiñakoan saiatu nintzen, ilusioa egiten zidan, baina ezin izan nuen aitzinekoekin egon eta taldekide bati eskua bota nion eta azken etapan, oraindik ongi nengoen eta deus handirik egin ez nuenez, Erlaitzen goiti eginahalak egin eta hortxe sartu ginen”. Bezperako nekea somatu zuen Larraldek biharamonean, Nafarroako txapelketan, baina hori ez dela aitzakia aipatu digu Berako txirrindulariak.

Nafarroako Itzuliari begira

Aitzinera begira, Nafarroako Itzulia dauka begibistan Joseba Larraldek, nahiz eta gure ingurutik ez den etaparik pasatuko. Aitzinetik, aste hondar honetan, Espainiako Kopan parte hartuko du Katalunian. “Nafarroako Itzulia prestatuko dugu ilusio handienarekin, nahiz eta gure ingurutik ez den pasatzen. Denak Iruña aldean eta beheitian dira”.

9 urtetik konpetitzen

Urteak daramazki Joseba Larraldek txirrindularitzan. 9 urte zituela Gure Txokoan hasi eta afizionatu bitarteko bidea egin du. “Txirrindularitzan konpetitzen 9 urterekin hasi nintzen, kasualitatez. Ni hemen ibiltzen nintzen bueltaka eta Lesakako lehengusu bat hasia zen karreratan konpetitzen. Ateratzeko animatu zidan, lehenbiziko karrerara joan eta irabazteko suertea izan nuen. Gustatu zitzaidan eta orain arte, pixkanaka-pixkanaka joan gara, urtetik urtera maila handiagoa izaten da”. Ttikitan pilotan ere aritzen zen, baina azkenean txirrindularitza aukeratu zuen: “Pilotan eta bizikletan, bietan aritzen nintzen ttikitan, baina aukera egin behar duzun adin batera ailegatzen zara. Bizikleta gehiago gustatzen zitzaidan, probak irabazten nituen eta horrek motibatu zidan bizikletan segitzeko”.
Hiru urte ditu afizionatutan, lehenbizikoa Iruñeko Graficas Ona taldean eta azken biak Bidelan-Kirolgi taldean eta urtero urrats bat ematen duela iruditzen zaio: “Hasieran kostatzen zaizu, bertzeek martxa hartua dute eta nik ez nuen ideia aunitzik. Hemen inguruan ez dago prestatzeko lekurik ere eta Gipuzkoa aldean afizio gehiago dago. Talde honetan hobetzen joan naiz, urtero zerbait berria ikasten duzu eta pauso bat gehiago ematen dugu”.

Garaipena falta eta profesionaletara salto egiteko ametsa

Hiru urteotan ongi dabila Joseba Larralde, postu onak egin ditu, baina oraindik ez du garaipenik lortu. Beharbada horixe da duen arantzatxoa. “Ilusioa horrek egiten dizu, lasterketa irabazteak, hori izaten da helburua, baina oraindik ez dut lortu. Espero dut noizbait ailegatuko dela, baina erregulartasuna mantentzea ere ongi dago”. Afizionatutan ari diren txirrindularien ametsa profesionaletara salto egitea da eta horixe da Larralderen itxaropena ere. “Helburua horixe da, hor gabiltzan denena bezala, eta ilusiorik gehiena horrek egiten dit. Zaila da baina saiatuko gara, hori bai, obsesionatu gabe”. Txirrindularitza gogorra dela jakina da. Lagunarteko hainbat ordu kendu badizkio ere, satisfakzio handiak ere eman dizkiola uste du Larraldek: “Kentzen ditio lagunarteko afari eta besta horiek, astebururo karrerak dituzu, larunbat eta igandetan, eta aitzinean ibili nahi baduzu zaindu beharra dago. Eman, gauza aunitz eman dizkit, satisfakzio handiak. Gauzak baloratzen ere ikasten duzu…”. Beti taldekideak laguntzeko prest izanda ere, bere burua txirrindulari konpletotzat jo du Larraldek. “Momentuan txirrindulari konpletoa naizela iruditzen zait. Taldekoei lagundu behar denean taldekideak lagundu, etapa bila joan behar denean etapa bila… Oraindik ez dut lortu, baina saiatu bederen…”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun