Berako Kultur Batzordeak antolatuta, aurtengo Sanesteban Bestetako kartel lehiaketa abian da. Urtero bezala, nahi duten guztientzako zabaldu dute lehiaketa, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu bakoitzak. Azalean Sanesteban Bestak 2008 testua agertu beharko da, eta kartelak kolorezko formatuan eta paperean argitaratua izan beharko du. Bertikala izanen da, 18x24 zentimetrokoa. Argazkia edo diseinua ez da inongo euskarriren gainean paratuko eta ahal den neurrian, aurkeztutako lanak CDan edo disketean ere eranstea eskertuko du Berako Kultur Batzordeak.
400 euroko saria
Lanak aurkezteko epea ortziral honetan, maiatzareko 16ko eguerdiko 13:30ean bukatuko da, eta Berako Herriko Etxera jo beharko da horretarako. Aurkezterako momentuan lanaren gibelean goitizen bat paratuko beharko da, eta aparteko gutun-azalaren kanpoko aldean ere goitizen hori idatzita joanen da. Barrenean, berriz, egilearen datuak. Kultur Batzordeak izendatuko du epaimahaia eta bestetako programan erabiltzeko eskubidea bere gain hartuko du. Sarituak 400 euro jasoko ditu, baina sarituak ez diren lanak ere Udalak ez ditu itzuliko.
BAZTAN-BIDASOAKO BERTSO-PAPER LEHIAKETAKO SARI BANAKETA ORTZIRALEAN
Bertze aldetik, Berako Kultur Batzordeko kontuekin segituz, ortziralean, maiatzaren 16an, banatuko dira batzorde honek eta Bortzirietako bertso eskolak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzaz antolatutako Baztan-Bidasoako bertso-paper lehiaketako sariak. Ekitaldia arratsaldeko 6etan izanen da Berako Kultur Etxean.