Fernando Etxegarai beratarrak Izarraizko laugarren mendi lasterketa irabazi zuen igandean Azpeitian

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 13a

Fernando Etxegarai beratarrak Izarraizko laugarren mendi lasterketa irabazi zuen igandean Azpeitian. Euskal Herriko mendi lasterketen koparako lehen lasterketa puntuagarria zenez, Fernando Etxegarai Kopako sailkapen buruan paratu da.

Maiatzaren 25ean Zegama-Aizkorri Mendi Maratoi famatua prestatzeko asmoarekin atera zen Fernando, baina sasoiko ikusi zuen bere burua eta lasterketa irabaztea lortu zuen. Ordubete, 54 minutu eta 44 segundu behar izan zituen 21 kilometro eta 200 metroko proba akautzeko. Bigarren, Arrasateko Zuhaitz Ezpeleta izan zen, minutu eta 11 segundura eta Didier Zago frantziarrak osatu zuen podiuma, Etxegaraik baino minutu eta 44 segundu behar izan zituelarik ibilbidea osatzeko. Gainerako 290 partehartzaileek bi ordu baino gehiago behar izan zituzten ibilbidea akautzeko.
Fernando Etxegarai gustora zegoen proba gogorra irabazita eta Zegama-Aizkorri probako podiumean izatea du orain helburu.
Emakumezkoen artean, Aiako Nerea Amilibiak aisa irabzai zuen, bi ordu, 26 minutu eta 23 segunduko denborarekin. Bigarren Izaskun Zubizarreta oiartzuarra izan zen, 5 minutu eta 33 segundura eta hirugarren Ezkio-Itsasoko Jaione Sasieta, 12 minutu eta 8 segundura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun