Dunia Abatal beratarrak irabazi du Euskal Herriko piropo lehiaketa

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 13a, 14:52

Bortzirietakoa berriz, Ruben Pedrosa beratarrak irabazi du

Aurtengo otsailean eta martxoan, bigarren urtez segidan, Bortzirietako 12 eta 18 urte bitarteko gazteek piropo lehiaketan parte hartu dute. Iaz bezala, batera jokatu dira Euskal Herriko eta Bortzirietako lehiaketak. Guztira, Bortzirietan 83 piropo bildu dira eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak baditu kontent egoteko arrazoiak; aunitz izan dira eta orotarikoak, erromantikoak, umorezkoak, beroak... Euskal Herriko piropo irabazlea, gainera, beratarra izan da.

Euskal Herrian Dunia Abatal garaile

Euskal Herriko laugarren piropo lehiaketa Gipuzkoako Urtxintxa Aisialdi Eskolak antolatu du, eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak babesten du, bertze zenbait herri erakunderekin batera. Aurtengo aukeraketa ez da bozketa bidez egin; epaimahai batek aukeratu du zuzenean piroporik onena. Irabazlea beratarra izan da, Labiada ikastolako Dunia Abatal Altzuguren, eta honako piropoari eman diote lehen saria: Maparik ba al daukazu? Zure begiradan galdu bainaiz! Harentzako izanen da 8 lagunentzako egonaldia Plentziako aterpetxean. Zorionak!

Bortzirietan 83 piropo bildu dira

Luzexeago jo du Bortzirietako hiru piropo onenen aukeraketak. Zerrenda osoa aztertu zuen epaimahaia bildu zen lehenbizi: Labiaga eta Toki-Onako irakasle banak, Xorroxin irratiko esatari batek, bertsolari batek eta euskara teknikari batek osatu zuten. Aurkeztutako 83 piropoetatik hamar onenak aukeratu zituzten. Gero DBH, batxilergo eta heziketa zikloetako ikasleen bozketa bidez erabaki dituzte Bortzirietako hiru onenak, eta horiek izan dira saridunak.

Ruben Pedrosarena onena

Lehenbiziko saria, Berako Katea Bikek eskainitako bizikleta, Toki Ona Institutuko Ruben Pedrosa Medinak irabazi du: “Zu munduarentzat pertsona bat zara bakarrik, baina pertsona batentzat mundua zara” izan da bere piropo dotorea. 279 puntu eskuratu ditu. Bigarren saria, Lesakako Bixkiak jantzi-dendak eskainitako 100 euroko balea jantziak erosteko, Dunia Altzugurenek eskuratu zuen, “Maparik ba al daukazu? Zure begiradan galdu bainaiz!” piropoarengatik. 219 puntu eskuratu ditu. Beraz, bitxia bada ere, Euskal Herrian txapeldun eta Bortzirietan bigarren izan zen Duniaren piropoa. Hirugarren saria ere Ruben Pedrosarentzat izan zen, “Zure irrifarra nahikoa da gaueko iluna argitzeko” piropoarengatik. 154 puntu eskuratu ditu. Berako Igone liburudendak eskainitako 50 euroko balea, ikasmateriala eta liburuak erosteko, eskuratuko du.

Euskararen erabilera lagunartean

Sormen lehiaketa honen helburua gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea da, eta, giro informalean, lagunartean, helburu komunikatibo guztiak betetzeko (kasu honetan gustuko duzun norbaiti zerbait ederra erratea) euskara erabilgarri eta gozagarri dela erakustea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun