“Esklabotza frankismoan: Errepideak eta fortifikazioak mendebaldeko Pirineoan” izeneko erakusketa interesgarria zabalik dago maiatzaren 12tik 18ra Lesakako Beti Gazte elkartean, egunero arratsaldeko 5etatik 8etara. Arrano elkarteak ekarri du Memoriaren Bideak-frankismoaren esklaboak elkartak eta Geronimo de Ustariz institutuak antolatutako erakusketa hau.
15.000 preso
Fabrikak, errepideak, burdinbideak, meategiak, lan hidraulikoak… diktadura frankistak martxan jarritako bortxazko lanen sarearen adibideak baino ez dira. Hauen artean, Mendebaldeko Pirinioan egindako errepideak eta gotorlekuak aurkitzen ahal ditugu. Gure inguruan ere izan zuen eraginik bortxazko lan honek: Lesaka eta Oiartzun arteko errepidea “erregimenari desafekto” izena hartu zuten preso hauek egin zuten, baita Irurita eta Eugi lotzen dituena ere. Gerra ondoko urteetan 15.000 prisionero inguru aritu ziren lanean, hagitz bizi-baldintza latzetan, Estatu osotik etorri baldin baziren ere, aunitz bizkaitarrak ziren. Batzuk Lesakan laketu eta bertan familia osatu zuten, Urkijotarrak edo Isasitarrak bezala. Joaquin Lain valentziarra ere Lesakan jarri zen bizitzen eta denda bat ere izan zuen urtetan. Bere testigantza ageri da erakusketan.
16 paneleko erakusketa
Erakusketa honek Pirinio aldeko lan horiek hartzen ditu aztergai. Horrela, 16 panelen bidez esklabotza sarea nola eratu zen eta azpiegitura hauek nola eraiki ziren azaltzen da. Aldi berean, lan horiek prisioneroen familiengan, Pirinioko herrietan zein memoria kolektiboan izandako eragina agerian gelditzen da. Erakusketan azalpen laburrak eta protagonisten ahotsak garaiko argazkiekin tartekatzen dira, baita Avila edo Guadalajara Artxibategi Historiko Militarretan topaturiko planoekin eta dokumentazioarekin ere bai. Erakusketa “Esklaboak Pirinioko mugaldean” izeneko proiektuaren barne kokatzen da. Eguzki Bideoak taldeak egindako “Desafectos: esklaboak Pirinio aldean” dokumentalarekin zein “Bortxazko lanak diktadura frankistan” izeneko katalogoarekin batera, zeinean historialari ezberdinek errepresio mota honen aspektu ezberdinak aztertzen dituzten. Lan hauen helburua denboral luze isilpean egon den gure historiaren errealitate bat ezagutzera ematea da, faxismoaren kontra borrokatzeagatik zigortuak izandako pertsonei omenaldia eta esker ona ematen zaien bitartean.
Ortziralean solasaldia eta bideo emanaldia Arranon
Arrano elkarteak antolatutako Esklabutza frankismoan jardunaldien barnean, ortziralean, maiatzaren 16an, ÷Francoren esklaboak Piriniotan” dokumentala eskainiko da Arranon arratseko 20:00etan eta solasaldia eskainiko du Fernando Mendiolak. Larunbatean, maiatzaren 17an, “Gernika” antzerki emanaldia antolatu da, Mairu antzerki tailerrarekin batera ikastolako frontoian, arratseko 23:30ean.