Arantzako Mendi Itzulia igandean eginen da

Utzitako argazkiak 2008ko maiatzaren 12a

Arantzako Itzuliaren perfila. TTIPI TTAPA

30 kilometroko ibilbidea osatuko dute partehartzaileek, 2 gehiago Mendaurrera igoz gero

Mendian ibiltzea maite dutenek aukera ezin hobea izanen dute datozen igandeetan, Arantza, Baztan eta Sarako Mendi Itzuliak eginen baitira bata bertzearen ondotik. Eskualdeko itzulia bi urtetik behin egiten den Arantzako itzuliarekin hasiko dute ibiltariek. Ekaitza elkarteak, Arantzako Udala, Gazte Asanblada eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren laguntzaz antolatutako Arantzako Mendi Itzulia igande honetan, maiatzaren 18an eginen da. Herriko plazatik abiatu eta leku berean emanen zaio ibilbideari akabera. Bitartean, Arrata errekatik jautsiz, Aranibar baserria, Unanu, Itsaszelaia, Izu, Oilargata, Ibintza, Ekaitza, Illurdi, Mairubaratzeta eta Zepuruko tontorrak pasatuko dituzte parte hartzaileek. Guztira 30 kilometroko itzulia izanen da eta Mendaurrera joateko hautua egiten dutenek kilometro pare bat gehiago eginen dute. Desnibela, berriz, 1.550 metrokoa izanen da. Ohi bezala, ibilbidean hornidura eta osasun zerbitzuak eskaintzeko postuak paratuko dira. Ibilbidean parte hartzeko izen-ematea 6:30etik 8:00etara eginen da, 10 euro ordainduta. Informazio gehiago 617 23 9361 eta 647 759140 telefonoetan. Antolaketa lanetan hasieratik aritu zen Xabier Zubieta Zubi gogoan, berak hainbertzetan errandako “Ekaitzako kaxkun ikurrinak iraun dezala…” esaldia mendi itzuliko eskuorrian paratu da, omenaldi gisara.

Baztango Ibilaldia maiatzaren 25ean

Baztango Mendigoizaleek antolatutako Baztango XV. Mendi ibilaldia maiatzaren 25ean eginen da, Arraiozen hasi eta bukatuko dena. Izen ematea eta irteera Arraiozko frontoian izanen dira, 7:00etatik 7:30era. Aurtengo ibilaldiak Baztandik kanpo, Bertizarana, Sunbilla eta Bertizko Jauregiko lurrak ere zeharkatuko ditu. Izen ematearen truke 10 euro ordaindu beharko dira. Ibilbidearen luzera 34 kilometrokoa da eta desnibela 1.800 metrokoa. Arraioztik abiatuz, hauek izanen dira ibilbidean igaroko diren lekurik garrantzitsuenak: Perotxeneko Borda, Auzkue mendia, Oronoz-Mugairi, Enaburuko baserria, Arralde, Irisoko Borda, Legasa, Oteixon, Suspiro lepoa, Iñarmeaka, Paretazar Aizkolegi, Plazazelai, Arakango lepoa, Larratzu eta berriro Arraioz.Bidean janaria eta osasun zerbitzua eskainiz postuak egonen dira.

Sarako Itzulia ekainaren 1ean

Sarako XII. Mendi Itzulia ekainaren 1ean iraganen da Axuria mendizale elkarteak antolatuta. 45 kilometroko ibilbidea izanen da, eta 2.200 metroko malda duena. 7:00etatik 8:00etara bitartean, Saran hasiko da eta Suhalmendi, San Inazio, Iturriadarreta, Larrun, Lizuniaga, Ibanteli, Lizarrieta, Saiberri,Urioko erreka, Atxuria, Zugarramurdi eta Istilarten barna ibiliz, berriz Sarara itzuliko da. Izen emaiteak egunean berean eginen dira, abiatu aitzinetik, 6:30etik goiti Sarako kiroldegian, 12 euro ordainduz. Ibilbidea egiteko guttienez 9 ordu eta gehienez 12 ordu beharko dira. Xehetasunak www.axuria.monsite.orange.fr helbidean edo turismo bulegoan (0033) 0559542014.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun