1983. urtean sortu zen Lesakako akordeoi taldea. 25 urteurren hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Larunbatean lehen ekitaldia osatu zen. Arratsaldeko 18:30ean hitzordua paratu zuten Plaza Zaharrean eta garai bateko eta gaur egungo soinu joleek parte hartu zuten. Ez da batere erraza soinua hartu eta jotzen hastea aspaldi utzia denean. Hortaz, eskertzekoa da egindako esfortzua eta ahalegina. Talde polita elkartu eta kalejirari ekin zioten. Parte hartzaileek ohiko janzkera zeramaten, denak berdintsu agertzeko: galtza urdinak eta alkandora zuria. Taldearen aitzineko aldean Xalbador Madariaga zegoen, denen gidari lana egin baitu urte guzti hauetan. Talde ederra osatu zuten eta hala, hogei soinu jole baino gehiagok ez zuten hutsik egin hitzordura.
Kalejira
Plaza Zaharretik Zabaleta dorre aldera jo zuten eta aitzineko aldean haurrak zituzten eskainitako doinuak aprobetxatuz beraien besta berezia egiteko. Soinu joleen gibeleko aldean jende multzoa elkartu zen. Ibilbidearekin jarraituz, Eskolttikira iritsi ziren eta bertan geldialdia egin zuten. Ohikoa izaten da San Ferminetan ere pausaldia bertan egitea. Jota eta porrusalden doinuek jendea animatu zuten eta baita soinu joleak ere. Zorte handia izan zuten Lesakako soinu joleek. Izan ere, nahiz eta eguraldi gris eta iluna egin, ez baitzuen euririk egin eta ez zuen kalejira zapuztu.
Kontzertua
Ilunabarrean, arratsaldeko 20:15ean kontzertua egin zuten. Hasiera batean, Plaza Zaharrean egitekoa zen, baina euriak mehatxu egiten zuenez, ez zuten arriskatu eta Alhondigako arkupeetan egitea erabaki zuten. Horretarako, zenbait aulki jarri zituzten jendeak eroso ikusi eta entzun ahal izateko. Kontzertuan dexentez soinu jole gutxiagok parte hartu zuten, eta kasu honetan, dozena bat izan ziren jende aurrean agertu zirenak. Gainera, bateri jole eta perkusioaren laguntza izan zuten, eta zenbait haurrek kantuarekin osatu zuten. Kaxianok ezaguna egin eta Xalbador Madariagak moldatutako “Zorionak” kantarekin hasi zen emanaldia. Esanahi berezia zuen, modu honetan urtebetetzearen adierazgarri bilakatu baitzen. Ondotik, ekitaldiaren aurkezpena egin zuen taldeko kide batek eta bertzeak bertze, taldearen historia eta urte hauetako ibilbidearen aipamena egin zuen. Denetara 12 pieza jo zituzten eta oso estilo ezberdinekoak izan ziren. Larunbateko kontzertuan Xalbadorrek zuzendari papera bete zuen akordeoia alde batera utzita.
Maiatzaren 31n bigarren zatia
Lesakako Akordeolari taldearen 25. urteurreneko lehen ekitaldia izan zen larunbatekoa. Maiatzaren 31n izanen da bigarrena. Egun horretan, Enrique Zelaiak eta Iñaki Dieguezek kontzertua eskainiko dute Onin errekaren gainean, 20:15ean.