Maiatzaren 1etik 4ra egin ziren Udaberriko Bestetako ekitaldien artean, maiatzaren 2an, ortziralarekin, Euskara Batzordeak aurkeztu zuen Igantziko mapa izan liteke aipagarriena: herriko bideak, parajeak, etxeak eta abar biltzen dituen lana, alegia.
Duela hiru-lau urte atera zen Euskara Batzordean mapa egiteko asmoa, bertakoek zein kanpokoek bide, paraje eta etxeak non dauden eta batez ere horien izenak nola diren eta nola idazten diren jakiteko.
Azkenean, Kirru Saroberekin harremanetan jarri eta Oskar Txoperenarekin batera lana osatu dute. Finantzaziori dagokionean, joan den urteko apirilean egindako azokatik eta Nafarroako Kutxaren zeuk aukeratzen duzu, zeuk erabakitzen duzu proiektuaren bitartez lortu dute dirua.
Maparen ale batzuk ekitaldira hurbildu zirenen artean banatu zituzten, eta horrez gain, bertze herriko etxeetara bidaliko zituztela adierazi zuten batzordetik. Gainerakoentzat, berriz, mapa salgai paratuko da.
Bertzalde, haur, gazte zein helduek gozatu dute Udaberriko Bestetaotan. Filmak, antzerkiak, bideo emanaldiak, bertsoak, pailazoak, barrikoteak... Denetariko ekitaldiak izan dira.