Musikazaleek gozatzeko aukera ederrak dituzte hilabete honetan. Errate baterako, larunbat honetan, maiatzaren 17an, Musika Banden Alardea antolatu du herriko bandak, Udalaren laguntzaz. Herriko musika bandarekin batera, Garinoiain (Nafarroa) eta Araiakoa (Araba) izanen dira. 17:30ean aurresku batekin eginen zaie ongi etorria bandei. Segidan kalejira eginen dute, bakoitzak bere bidetik eta azkenik, banda bakoitzak kontzertu ttiki bat eskainiko du plazan. Musikariak afaltzera bilduko direla ere aipatu digu Mikel Iriarte, Lesakako Musika Bandako zuzendariak.
Hurrengo larunbatean, maiatzaren 24an, ikasleen arteko txapelketa antolatu du Musika Eskolak, bere lehen musika ekitaldiaren barrenean. Txapelketa udaletxeko pleno aretoan eginen da.
Bertzetik, aitzineko alean aipatu genuen bezala, akordeoilari taldea bere 25. urteurreneko ospakizunetan ari da. Joan den larunbatean emanaldi bikaina eskaini zuten 25 urte hauetan taldetik pasatu diren akordeoilariek, lehenik kalejiran eta gero kontzertuan. Maiatzaren 31n, berriz, Enrike Zelaiak eta Iñaki Dieguezek kontzertua eskainiko dute Onin errekaren gainean, 20:15ean.