«Madriletik datorrena txarra edo hagitz txarra izaten delako itxaropen ttikia dugu»

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

Oskar GOÑI Udalbiltzako auzipetua TTIPI TTAPA

• Apirilaren 29an bete ziren bortz urte Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak Udalbiltzaren kontrako auzia abiatu zuenetik.

• Bortz urte beranduago auzipetutako 22 lagunak epaiketaren zain daude, tartean eskualdeko bi: Oskar Goñi beratarra eta Jasone Astibia zubietarra. Fiskalak 10 urtetik 23ra bitarteko espetxe zigorrak eskatzen ditu inputatuentzat.

• 5. urteurrena gogoan, hitzaldia egin zen apirilaren 28an Narbarteko Herriko Etxean, eta elkarretaratzea hurrengo egunean Etxalarren.

Nola gogoratzen duzu orain dela bortz urte gertatutakoa?

Oraindik ongi gogoan dut. Ahazten saiatu arren nahiko pasadizo latza izan zen. Zoritxarrez Euskal Herrian goizeko ordu ttikietan etxeko atea botatzen dutenean, badakizu ez direla lagunak, juergara joateko etortzen direnak. Bertzelako bisita izaten da. Atxilotu eta inkomunikatu gintuzten, Madrilera eraman. Etakide izatea leporatzen digute, gure jardun politiko eta publiko nabarmenagatik. Urtebete pasatu genuen espetxean eta orain berriz esperoan gaude.

Zein zen Udalbiltzaren lana duela bortz urte eragotzi zuten arte?

Euskal Herrian Udalbiltzaz gain ez dago nazio instituziorik, arlo politikoan lan egiten duenik. Gure lana lurralde zatiketa honen gainetik, Euskal Herriko hautetsi guztien arteko elkarlana bultzatzea zen, batez ere kultur arloan, euskara… Arlo sozioekonomikoan, adibidez, Xiberoa garatzen izeneko ekimen polita egin genuen. Herritarren borondatez hainbertze diru bildu zen, eskualde horretako enpresei laguntza emateko eta Euskal Herriko eskualde ezberdinen artean lan harremana bulkatzeko. Guztia bere horretan gelditu zen, eta han bildu ziren milioika pezetak Entzutegi Nazionalak bere esku hartu zituen. Haiek eta guk ordaindu behar izan genituen 30.000 euroko bermeak. Ordainduta eta astero sinatuta hemen gaude.

Zein egoeratan zaudete auzipetuak?

Egoera nahiko larrian. 22 inputatu gara eta gehienak hautetsiak. Bizpahiru kasu ere badira hautetsiak izan gabe inputatutak. Bitxia da baina Udalbiltzak dei publikoa eginez sortutako lanpostu batzuetara aurkeztu eta hautatu zirenak ere auzipetuak daude, zama politikoarekin loturarik ez zuten langileak. Gure kasua ere larria da, hautetsiak garelako. Nire kasuan, adibidez, Berako zerrendan laugarrena nintzen, eta bortz atera ginen. Hauteskunde emaitzak bertzelakoak izatera, agian ez nintzateke hemen egonen. Herritarrek euren botoz aukeratutakoak ginen, Herriko Etxeetan lanean aritzen ginenak, eta tarteka bertze ikuspegi batekin elkartzen ginenak, uste dugulako Euskal Herria nazioa dela eta elkarrekin lan egiteko beharra badagoela. Hori da gure ustez zigortu nahi dena. Entzutegi Nazionalak tesi bat jarri du indarrean eta horren arabera ETAren helburuarekin bat egiten duena ETA da eta horrekin nahi dutena egiten dute. Defentsa juridikoa zaila da, zigortzen dena tesi politikotik abiatzen delako.

Epaiketaren zain, zein esperantzarekin zaudete?

Itxaropen ttikia. Madriletik etortzen dena txarra edo hagitz txarra izaten dela pentsatzen dut nik, euskaldunoi eskarmentuak hori erakutsi baitigu. Nik behintzat ez dut datu objektibo gehiegirik ikusten kontrakoa pentsatzeko. Edonola ere, Udalbiltza bidezkoa eta beharrezkoa dela uste dugu, eta beldurra eta oztopo guztien gainetik, Udalbiltzan parte hartu eta halako ekimenak bultzatzen saia daitezen deia eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun