Italiako 16 ikaslek astebete emanen dute Toki-Onako institutuko ikasleekin

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 7a

Elkartruke honetan, Bortzirietako ikasleak Italian izan ziren apirilean

“From the Pyrenees to the Alps”. Euskaraz Pirinioetatik Alpeetara. Horrelaxe du izena Berako Toki Ona Institutua eta Italiako Caravaggio herriko Galileo Galilei lizeoa egiten ari diren elkartrukatzearen izenburua. Duela pare bat urte Irlandan sortutako ideiari joan den ikasturtean hasi zitzaion itxura ematen, elkartrukatze birtualaren bidez. Ikasturte osoan, Berako eta Caravaggioko ikasleak beraien errealitatea deskribatuz eta bertze motako lanak posta elektronikoaz elkarri bidali zizkieten ingelesez.

Bortzirietakoak Italian apirilean

Ikasturte honetan, berriz, birtuala zena fisiko bihurtu da. Apirilean Bortzirietako ikasleak Italian izan ziren eta aste batean Venezia, Bergamo, Trevigglio, Como edo Milan bezalako hiriak ezagutu zituzten, bertako ikasleak lagun zituztela.

Orain Italiarrak Bortzirietan

Orain, italiarrak bueltan etorriko dira. Zehazki asteazken arratsean ailegatuko dira 16 ikasle eta bi irakasle Bilboko aireportura eta goizaldean Berara. Ortzegunetik aitzinera, hainbat ekitaldi eginen dituzte Toki-Onako ikasle eta irakasleekin batera. Gure ingurua ez ezik, Iruña. Bilbo eta Donostia ere ezagutuko dituzte.

Esperientzia aberasgarria

Ekimen honen bultzatzaile dira, bertzeak bertze, Arantxa Heras eta Maite Telletxea Toki-Onako irakasleak. Arantxa Herasekin izan gara, proiektua zertan den eta aste honetan eginen dituzten ekitaldien berri jakiteko: “Italian izan ginenean hagitz ongi tratatu gintuzten, toki politak ezagutu eta beraiekin bizitu gara. Ikasleak bertako koadrilekin ibili dira, esperientzia polita izan da. Orain guri tokatzen zaigu behar bezalako harrera ematea. Ortzegun goize Toki-Ona ikastetxean harrera eginen diegu, aurreskurekin, herri kirol saioa izanen da, ikastetxea erakustea… eta arratsaldea familiekin izanen dira. Ostiralean Iruñera goaz egunpasa. Asteburuan familiekin gelditzen dira eta badakigu batzuk plana ere egina dutela, Bertiz, Zugarramurdi, Herri Urrats…”.

Astelehenean Donostiara, asteazkenean Guggenheim eta Altamirako kobazuloetara

Astelehenean Donostiara txangoa eginen dute, astearte goiza ikastetxean pasatu eta Beran barna bisita gidatua izanen dute eta Gure Txokoa elkartean bestatxoa izanen dute. Asteazkenean, azkenik, Bilboko Guggenheim museoa eta Altamirako kobazuloak bisitatuko dituzte eta Santanderko aireportutik Italiara bueltan joanen dira Caravaggioko ikasleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun