Ekainaren 21ean 5 urte beteko dira Berria egunkaria sortu zenetik eta hori ospatzeko, ekainaren 21ean besta handia eginen da Donostiako Kursaalen, “Luzatu bostekoa” izenburupean. Berria egunkariaren sortze prozesuan hagitz garrantzitsua izan zen herriz herri egin zen lana. Herri Batzordeak, kultur ekitaldiak, diru bilketak, akzio salmenta, harpidedunak egiteko kanpainak.... izan ziren proiektuaren oinarria. Lan horrek bere fruitua eman zuen eta egun sendotutako proiektua da Berria.
Eskualdez eskualde
Ekainaren 21a bitartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte eskualdez eskualde. Ekitaldien helburua bikoitza da: Berria sortzeko egindako lana eskertzea eta aitzinera begirako proiektuak aurkeztea. Guztira 22 ekitaldi eginen dira, bertze hainbertze eskualdetan.
Beran, maiatzaren 7an, arratseko 20:00etan
Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ekitaldia, maiatzaren 7an, asteazkenean, eginen da Berako Kultur Etxean, arratseko 20:00etan. Bertara eskualdeko harpidedunak, akziodunak, gizarte eragileak, kultur ordezkariak, erakundeetako ordezkariak eta komunikabideetako kideak daude gonbidatuta.
Bideoa, solasaldia eta mokadua
Lehenik, “Berriak 5 urte” bideoa eskainiko da. Segidan, aurrera begirako erronkak aurkeztuko ditu Martxelo Otamendi zuzendariak eta akautzeko mokadua eskainiko zaie bertaratzen direnei.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!