Mugaz Gain Antzerki Jaialdiaren hamalaugarren edizioa ortzegunean, maiatzaren 8an abiatuko da Beran.
Haur eta gazte antzesleen topaleku bihurtua da jaialdi hau, bertako eta inguruko lanen erakusleiho, eta aurten ere halaxe izanen da.
Maiatzaren 8an, ortzegunean, goizeko 10:40ean, Iturramako institutuko ikasleek “Ez da hain erraza” antzeslana eskainiko dute Berako Kultur Etxean.
Ortziralean, maiatzaren 9an, ordu eta leku berean, 21 eta 22 urteko antzesleek osatzen duten Bazen Behin clown talde amateurrak “Esta vez si que si” antzeslana eskainiko dute. Segidan, Donibane Lohizuneko 16 eta 19 urte arteko gazteek osatzen duten Association Theatre Scaramuccia taldeak “Chaud devant?” antzeslana eskainiko du.
Maiatzaren 29an, Berako Ricardo Baroja eta Jesusen Bihotza ikastetxeak
Bi egunetako emanaldien ondotik, Mugaz Gain antzerki jaialdiak atsedena hartuko du hilabete hondarra arte eta maiatzaren 29an eta 30ean izanen du segida. Orduan, eskualdeko gaztetxoak izanen dira protagonistak: Maiatzaren 29an,, ortzegunean, goizeko 10:00etan “Gure ipuina” eskainiko dute Ricardo Baroja ikastetxeko bigarren mailako ikasleek eta segidan, Jesusen Bihotza ikastetxeko bigarren mailako ikasleek “Tren bidaiariak” eskainiko du. Emanaldi hauek Bortzirietako ikastetxeei zabalik daude eta arratsaldeko 6:30etan antzerki lan berak Kultur Etxeko ateak zabalik dituztela eskainiko dituzte Ricardo Baroja eta Jesusen Bihotzako ikasleek.
Maiatzaren 30ean, Labiaga, Ricardo Baroja eta Igantziko eskolakoak
Maiatzaren 30ean, ortziralean, goizeko 10:00etan, “Mapa eroaren bila” antzeslana eskainiko dute Labiaga Ikastolako 5. mailako ikasleek. Segidan, “Hegoaldetik Iparraldera bakearen bila” antzeslana eskainiko dute Igantziko eskolako 3, 4, 5, 6. Mailako ikasleek eta ortziral goizeko emanaldiak akautzeko, “Parisko ametsa” antzestuko dute Ricardo Baroja ikastetxeko 5. mailako ikasleek. Labiaga eta Ricardo Baroja ikastetxeetakoen emanaldia arratsaldeko 6:30etan ere ikusteko aukera izanen da, ateak zabalik direla.
Maiatzaren 24an, Kanpingags taldea
Antzerki kontuekin segituz, gaztetxoak ez ezik profesionalak ikusteko aukera ere izanen da maiatzean Berako Kultur Etxean. Maiatzaren 24an, larunbatean, Kanpingags taldeak “Hor al zaude?” antzeslana eskainiko du gaueko 10etan. Berako Euskara Batzordeak, Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzaz antolatutako ekitaldi honen sarrerak 7 euro balio du. Dena den, ttipi-txartela dutenek doan sartzeko aukera izanen dute. Horretarako, maiatzaren 20a baino lehen deitu behar da ttipi-ttapako 948 635458 telefonora eta hiru lagunendako bina sarreren zozketan sartuko dira.