Nafarroako Mendi Bizikleta txapelketa jokatu zen larunbatean, maiatzaren 3an, Irurtzunen, Itxespia sariketaren barrenean. Proba larunbat arratsaldeko 4:30etan abiatu zen eta guzira 147 partehartzaile izan ziren. Spiuk-Centros BTT Euskadi probarako ere puntuagarria zen Irurtzungo lasterketa. Ibilbidea hagitz teknikoa zen eta hiru malda gogor gainditu behar zituzten txirrindulariek, bere jautsierekin.
Asier Apezetxea elite mailan jaun eta jabe
Elite mailako proban, Conor Saltoki taldeko Asier Apezetxea aranztarra nagusitu zen hasieratik. Azkenean, ordubete, 54 minutu eta 19 segundu akautu zuen proba eta elite mailako Nafarroako txapelketa irabazi zuen. Ondotik, bigarren posturako lehia estua izan zuten Ciclos Patxi taldeko Asier Arregik eta Ciclos Zuberoko Julen Zuberok. Azkenean Arregi izan zen bigarren.
Beñat Txoperena eta Aitor Begino, junior eta kadetetan
Baina elite mailakoa ez zen Bortzirietara etorri zen txapel bakarra. Junior mailan ere, Igantziko Biltokiko Beñat Txoperena da Nafarroako mendi bizikleta txapeldun bakarra. Kategoriako laugarrena izan zen Txoperena, baina lehen nafarra izan zenez, berak jantziko du maillot gorria. Kadete mailan ere, Igantziarra da Nafarroako txapeldun berria, Aitor Begino nagusitu baitzen kategoria horretan.