Mediku kontsultako teilatua moldatu eta fatxada margotzeko deialdia egin du Arantzako Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 6a

Proposamenak aurkezteko epea ortzegunean akautuko da

Arantzako Udalak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, herriko mediku kontsultaren teilatua konpondu eta fatxada margotzeko deialdia zabaldu du. Apirilaren 2an egindako bileran hartu zuen erabakia Udalak eta onartutako baldintzen arabera, 38.731 euroko aurrekontuaren barrenean egin beharko dira lanak. Lanak egiteko epea urriaren 15ean bukatuko da, eta proposamenak aurkezteko epea, berriz, ortzegunean, maiatzaren 8an bukatu zen.

Oihan aprobetxamendua Ametxokon

Bertze aldetik, Plegu itxiaren bidez, Arantzako Udalak Ametxoko aldean oihan aprobetxamendu bat paratu du salgai enkante irekian. Lote bakarra atera du enkantera, 1.062 pinu radiata, hain zuzen. Loteak 1.058 metro kubiko zur eta 160 metro kubiko egur ditu eta 40.800 euroan ezarri dute hasierako prezioa. Interesatuek, eta eskatzen diren baldintzen berri jaso nahi dutenek, Arantzako Herriko Etxeko idazkaritzara jo beharko dute.

Mendiko lanak

Arantzako udal kontuekin akautzeko, Herriko Etxeak Nafarroko Gobernuko laguntzarekin zenbait mendiko lan egin nahi ditu, mantenimendu lanak, zaborren garbiketa eta bi baden egitea, hain xuxen. Lan horiek Basartea enpresak egindako proiektuan bilduak daude. Aurrekontua 10.798 eurokoa da eta egiteko epea abuztuaren 30 artekoa da. Proposamena aurkeztu nahi dutenek bixkor ibili beharko dute, epea asteazken honetan, maiatzaren 7an, eguerdiko 12etan akautuko baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun