Berako Udalak herritarren artean Etxebizitzaren beharra eta eskariari buruzko ikerketa egitea eskatu du. Hau dela eta, egunotan, maiatzaren 5etik aitzinera, inkestatzaile bat, behar bezala akreditatua, joanen da etxe batzuetara inkesta bat egiteko. Halaxe jakinarazi du Berako Udalak, bando baten bidez.
Ugaldeako etxebizitzei buruz alkatearen iritzia
Bertze aldetik, Ugaldeako etxebizitzen inguruan ere, idatzi bat karrikaratu du Josu Iratzoki Berako alkateak, Udalari egindako kritikei erantzuteko. Berak dioenez, udaletxean mozio bat aurkeztu zen proiektu hau aldatzeko aukerak aztertu, baloratu eta ondoren erabaki bat hartzeko. Mozioa ez zen aitzinera atera ANVk bakarrik babestu zuelako eta gainerako alderdi guztiek ezezkoa eman zioten. Alkatearen erranetan, “orain eraikina ikustean, garbi ikusten da arazoa benetan larria dela eta beratar guztiei eragiten eta eraginen diela”. Legezkoa den edo ez galderari erantzunez, gaur egun legezko hitzak ez duela erranahi handirik dio Iratzokik, “ikusirik pertsona batzuek ere ez dutela, ez dugula baldintza hori betetzen”.
«Berako arauetatik kanpo»
Baina egia da obra legalizatua dagoela aitzineko Udalak baimen guztiak eman zizkiolako, alkatearen arabera, “Berako arauak promotorearen mesedetan interpretatuz”. Halere, ANVren ustez, “Berako arauetatik kanpo dago”. Josu Iratzokik dio udaletxean pauso egokiak ematen ari direla berriz ere “horrelako txapuzarik ez aitzinera ateratzeko eta hirigintza arloan espazio publikoei eta dotazioei behar duten garrantzia emateko, hauek direlako herritarrentzat gelditzen direnak eta herriari itxura bat edo bertze emanen diotenak”. Hauek defendatzea da Udalaren lana eta horretan ari direla dio Berako alkateak.