Maiatzaren 1etik 4ra udaberriko bestak ospatu dira Igantzin. Badira zenbait urte udaberri aroa aitzakia hartuta, zenbait ekitaldi antolatzen dituztela herritar guztiei zuzenduta. Larunbat gehienbat haurrak izan ziren protagonistak. Arratsaldeko 17etan eskolako gimnasioan haurrek egindako antzerkiaren proiekzioa eskaini zen. Haurrek ikasturtean zehar antzerkia prestatzen dute eta horixe Igantziko igerilekuan grabatu zuten. Zehazki, horixe izan zen eskaini zutena. Haurrek aktore lana egiten zuten bitartean, irakasleek grabatu egiten zieten. Eskolako gimnasioa eginkizun honetarako prest-prest zuten, baina dakizuen moduan, teknologia berriek espero eta gutxien nahi denean huts egiten dute eta nahiko arazo izan zuten dvda martxan jartzeko. Arazoak arazo, haur eta gurasoak eskolako gimnasioan zain zeuden, irrikitan erran daiteke. Horrez gain, erromatarren gaia hartuta eskulanak eta zenbait kartel egin zituzten. Koliseoa, akuaduktoa…eta garai hartako bestelako elementu garrantzitsuak. Aulkiak beteta, lehenik egin behar zutena aurkeztu zuten…..
Antzerkia
Ondotik emanaldiarekin hasi ziren. Txikienek margarita baten historia agertu zuten. Bere lagunetatik bereizi eta kanpora atera zen abentura bila. Azkenean euri eta trumoien menpe egon zen, baina lagun ona zela erakutsi eta historia borobil akautu zen. Dvdaren bukaeran haur guztiak aurkeztu ziren eta honek ikus entzuleen algara eragin zuen, erabat itxuraldatuta baitzeuden margarita edo euriz mozorrotuta. Saioari bukaera emateko, koxkorragoek erromatarren kultura eta bizimodua nolakoa zen erakutsi zuten. Hauek ere, horretarako aproposak ziren janzkera, orrazkera eta tresnak erabili zituzten. Kanta alai bat ere ikasi zuten lan honen aitzakian eta gainera, Mugaz Gain jardunaldietan aurkeztuko dute.
Bertsoak ere antzerkian
Txalo zaparrada batekin eskertu zuten haur eta irakasleek egindako lana. Eskolako gimnasiotik atera eta bertso antzerkia egin zuten frontoian. Hasiera batean gimnasioan berean egin behar zuten, baina parte hartzaileek nahiago izan zuten frontoian aurkeztu. Berez ikasle dexente biltzen dira bertso eskolan, baina kontuak kontu, batzuk pilota zutela eta besteek bestelako gauzak, soilik 5 agertu ziren. Gainera narratzaile lana egin behar zuena ere ez zen bertan izan eta inprobisazioari tarte eman behar izan zioten. Eskolan bertso antzerkia lantzen dute eta horixe izan zen eskaini zuten lehena. Dortoka eta erbi baten papera egin zuten bertsolariek eta antzerkia baliatuz, beraien pasadizoa antzeztu zuten. Janire Loinez, Maria Yanci, Adur Yanci, Mikel Agerre eta Xabat Matxikote izan ziren frontoian agertu zirenak. Baina berez, taldea zabalagoa da, Eneko Esparza, Unai Telletxea, Aitor Txoperena eta David Beginok ere parte hartzen dute bertso eskolan. Estitxu Arozenak erakusten die ostiraletan arratsaldeko 16:45etik 17:45era eta gustura ari dira. Larunbateko saioak, gehienbat egiten duten lana erakusteko eta aldi berean, Beran maiatzaren 15ean eginen den kanporaketarako entrenamendu gisara baliatu zuten.
Gainera, bertso paper lehiaketako sari banaketa eginen da maiatzaren 16an eta hori ere aitzaki polita da trebatzeko. Lastima ikusle gutxi xamar agertu zirela ekitaldira eta hori kasu honetan ezin dela eguraldia aitzaki modura hartu, primerakoa izan baitzen. Kontent egoten ahal dira Igantzin ziur enkargatuta, ez zutela halako eguraldirik izanen eta.