Igandean Lesakan, Batzoki elkarteak hamalaugarren aldiz antolatutako Rafa Maritxalar herri lasterketa egin zen. Bezperan egin zuen eguraldi sapa eta sargoriaren beldur izanen ziren parte hartzaileak, bero sobera ez baita ona lasterkarientzat. Baina beste aldetik, pentsatzekoa da antolatzaileak zeruari begira egonen zirela, euria iragarrita baitzegoen iganderako. Dena dela, uste dut bai korrikalariak eta bai antolatzaileak gustura egonen zirela eguraldiarekin. Aurten zenbait aldaketa egin behar izan dituzte antolatzaileek, izan ere, herrian lanak egiten ari dira eta horiek oztopo izan ziren ohiko ibilbidea errespetatzeko. Baina hori, soilik froga nagusiari dagokionez, bestelako kategorietan betiko lasterketa egin baitzen. Plaza Zaharra eta aparkalekuaren artean zegoen jarria irteera eta bukaera, Plaza Zaharrean, udaletxe aitzineko aldean. Antolakuntzan hainbat lagunek parte hartu zuten eta erraten ahal dugu lehenetik hasi eta azkena bitarte erabat kontrolatuak zeudela, antolakuntzako pare bat lagun joaten baitziren aitzinean eta gibelean. Ikusle franko hurbildu zen Lesakara. Eguraldia lagun eta zubi luzea zela kontuan hartuz, herritar nahiz kanpotarrek goiz pasa eder batetaz gozatzeko aukera izan zuten. Goizean goizetik hasi zen mugimendua herrian, izan ere, goizeko 10etan hasi baitziren lehen frogak. Aurrebenjamin neska eta mutikoak izan ziren parte hartzen lehenak. Hauek 400 metroko lasterketa egin zuten. Ondotik, kimu mailako neskak aritu ziren eta hauek 500 metro osatu behar izan zituzten. Kimu mailako mutikoek eta haur mailako neskek kilometro bateko lasterketa egin zuten. Haur mailako mutikoek eta infantil mailako neskek kilometro eta erdikoa eta infantil mailako mutikoek 2 kilometrokoa.
6 urte baino guttiagoko ttikienen txanda
Hauen ondotik, eguerdiko 11:45ean txikienen txanda izan zen. Sei urtez behitiko neska mutikoek 100 metroko lasterketa egin zuten. Froga hau izan zen arrakastatsuena izugarrizko parte hartzea izan baitzuen. Lehenik haurrek, gurasoek lagunduta, gainerakoek egin zuten ibilbidea oinez egin zuten, eta ondotik, lehiarako 100 metroak. Haurren aurpegietan ilusioa nabari zen eta zer erranik ez beraien guraso, izeba-osaba eta atautxi-amautxiengan. Nik uste gehiago disfrutatu zutela azken hauek haurrek baino. Irteerara iritsi orduko lasterkari guztiek opariak jaso zituzten. Koxkorrenek jogur irabiatua, ura eta opila jaso zuten eta eskuratu ahala jaten eta edaten hasi ziren. Ez dakit gose edo egarri ziren, baina nork erraten dio ezetz opil goxo bati? Txikienek, berriz, goxokiz osatutako poltsatxoa eraman zuten. Egun guziko lana izanen zuten horiek guziak jan ezkero.
Proba nagusia
Eguerdiko 12etan hasi zen froga nagusia. Mailaren arabera, 2, 4, 6 edo 8 kilometro egin behar izan zituzten korrikalariek. Ezinduen kategoriakoek eta kadete mailako neskek bi kilometro osatu zituzten, alegia, itzuli bat zirkuitu luzeari. Kadete mailako mutikoek eta jubenil mailako neskek lau kilometro egin zituzten. Jubenil mailako mutilek, junior mailako neska-mutilek, senior mailako emakumeek eta 35 urtez goitiko beteranoek sei kilometro, edo 3 itzuli eta azkenik, senior mailako mutilek 8 kilometro edo lau itzuli. Froga honetan denak elkarrekin hasi ziren eta bukaerak, aipatu moduan, kategorien arabera ezarri ziren. Kasu honetan, helmuga tokiz aldatu zen korrikalariak ez oztopatzeko eta zehazki, Plaza Zaharreko bertze aldean jarri zuten. Unai Santamaria jarri zen lasterketa buru eta bere gibeletik Rafa Maritxalar, Antonio Bru, Eric Vignolle eta Patxi Irazoki joan ziren lasterketaren zati handi batean. Azken itzulia arte erran daiteke taldetxoa mantendu zela, baina helmuga hurbiltzen ari zen heinean, estrategia nagusitu zen eta orduantxe ekin zioten erasoari. Rafa Maritxalarrek abiadura eman zion frogari une honetan, gainerakoek erritmoa bizituz. Rafak berriz ere herrian irabazi zuen eta bere denbora 26minutu eta 23 segundokoa izan zen. Segidan, Antonio Bru beratarra helmugaratu zen, 5 segundora eta Sarako Eric Vignollek irabazleak baino 18 segundo gehiago behar izan zituen froga amaitzeko. Froga akautu eta berehala irabazlearekin izan ginen.
Sari banaketa
Froga nagusian parte hartu zutenek ere opariak jaso zituzten eta jan-edariez gain, kamisetak eskuratu zituzten. Antolakuntzak lan borobila egin zuen eta korrikalariak helmugara iritsi ahala, dortsala zenbatu eta ordenagailu batera joaten zen informazioa. Modu honetan, lasterketa akitu eta minutu gutxira sailkapen guztiak prest zituzten. Eguerdiko 12:50ean ekin zioten sari banaketari. Lesakako alkateak eta Diario de Noticiaseko kide batek eman zituzten oroigarri, txapelak eta gainerako opariak. Txikienetik hasi ziren. Aurrebenjamin nesketan 20k bukatu zuten froga eta lehena Berako Saioa Ugalde izan zen, bigarrena Iruñako Ainara Ilundain eta hirugarrena Hendaiako Andrea Vaqueriza. Olaia Telletxeak lehen lesakarraren saria eraman zuen. Prebenjamin mutiletan 30k bukatu zuten. Lehena Berako Mikel Elzaurdia izan zen, bigarrena Iruñako Ibaia Arroki eta hirugarrena Lesakako Julen Otxoteko. Azken honek lehen lesakarraren saria ere eskuratu zuen. Benjamin nesketan 17 izan ziren froga amaitu zutenak. Irabazlea Irungo Leire Gomez izan zen, bigarrena Lesakako Ane Otxoteko eta hirugarrena Lesakako Malen Leiñena. Anek lehen lesakarraren saria ere eraman zuen. Benjamin mutiletan 19 izan ziren lasterketa akitu zutenak. Irabazlea Zizur Nagusiko Bruno Meoki izan zen, bigarrena Lesakako Beñat Konde, lesakar onenaren saria ere jasoz eta hirugarrena Barañaingo Ruben Sesma. Alebin nesketan 9k bukatu zuten froga. Lehena Berako Ane Elzaurdia izan zen, bigarrena Irungo Andrea Muñoz eta hirugarrena Iruñeko Lidia Ilundain. Aitziber Goienetxe lesakarra laugarren sailkatu zen lesakar onenaren saria eskuratuz. Alebin mutiletan 24 izan ziren helmugara iritsi zirenak. Berako Beñat Mitxelena izan zen garailea, bigarrena Doneztebeko Fermin Estanga eta hirugarrena., lesakar onenaren saria ere eskuratuz, Asier Santxez. Infantil nesketan 7 lasterkarik bukatu zuten froga. Irabazlea Leitzako Ane Intxausti izan zen, bigarrena Toki Onako Idoia Martinez eta hirugarrena Lesakako Miren Etxepeteleku, lesakar onenaren saria bereganatuz. Infantil mutiletan froga gatzik gabekoa izan zen, soilik 2 izan baitziren parte hartu zutenak eta biak ere lesakarrak. Garailea Unai Zamorano izan zen eta bigarrena Jabier Maia. Hemen garbi zegoen lesakar batek eramanen zuela garaipena, baina agian, ordena zen zalantzan zegoen gauza bakarra. Unai Zamoranok jaso zuen lesakar onenaren oroigarria. Ezinduetan parte hartzaile bakarra izan zen eta garaikurra Berako Garaile Valverdek eraman zuen. Ondotik, kadete mailako sari banaketari ekin zioten. Hemen ere parte hartzea eskasa izan zen eta soilik 4 iritsi ziren helmugara 4 kilometroak osatu ondotik. Podiuma hiru herritarrek osatu zuten. Lehena Julen Astbia izan zen, bigarrena Jon Etxebeste eta hirugarrena Jabier Etxebeste. Julenek eramen zuen lesakar onenaren saria ere. Kadete nesketan ez zen parte hartzerik izan, hortaz, jubenil nesketara pasatu ziren. Berako Irune Pinatxo izan zen parte hartzaile bakarra, hortaz, lehiarik ez zen izan kategoria honetan. Jubenil mutiletan 6 lasterkarik akautu zuten froga. Toki Onako hiru parte hartzaileek osatu zuten podiuma. Elchaman Machado izan zen lehena, bigarrena Kebin Ibarburi eta hirugarrena, lesakar onenaren oroigarria eskuratuz, Lesakako Ander Olaizola. Beterano edo helduetan, bi emakumek parte hartu zuten eta lehena Azpeitiko Arantxa Aldalur izan zen, bigarrena, aldiz, Lesakako Gurutze Txoperena, ikusleen txalo zaparradak jasoz, lesakar onenaren sariaz gain. Mutiletan 23 lasterkari iritsi ziren helmugara. Lehena Hondarrabiako Iñigo Tumas izan zen, bigarrena Doneztebeko Santi San Miguel eta hirugarrena Hendaiako Josetxo Vaqueriza. Lesakar onenaren saria seigarren postuan geratu zen Martin Anzizarrek eraman zuen. Senior nesketan 4 izan ziren parte hartzaileak. Hendaiako Rosi Talaverak 22 minutu eta 38 segundo behar izan zituen 6 kilometroak osatzeko txapela, lore sorta eta 90 euro eskuratuz. Igantziko Cristina Arbuesek 22 minutu eta 50 segundotan osatu zuen ibilbidea, oroigarria eta 60 euro jasoz eta Hondarrabiako Claudia Behobidek 23 minutu eta hamar segundotan egin zuen, oroigarria eta 30 euro bilduz. Azkenean senior mailako sari banaketa egin zen. Hemen eguneko anekdota gertatu zen. Elkarrizketan entzun ahal izan duzuen moduan, Rafa Maritxalarrek jaunartze bat zuen eta laster batean alde egin zuen. Hortaz, ez zen sari banaketan geratu. Bere txapela, oroigarri eta 90 euroak Igantziko Patxi Irazokik jaso zituen ikusleen irribarrea eraginez. Bigarren Antonio Bru izan zen. Honek ere hainbat sari eta 60 euro eskuratu zituen eta Sarako Eric Vignollek ere oroigarri eta opariez gain, 30 euro jaso zituen. Gaizki ulertu bat gertatu zen eta nahiz eta antolakuntzak uste junior mailako parte hartzailerik ez zegoela, azkenean gauzak argitu eta Lesakako Asier Biurrarenak merezitako saria eraman zuen. Federatu gabeko kategorian, guttienez hiru lagun biltzen zituen talde onenak saria eraman zuen, kasu honetan Edozein taldeak. Umore ederrez erakutsi zuten irabazitako saria. Denetara 17 izan ziren kategoriak eta froga akitu zutenak, 186, beti ere 6 urtetik behitikoak kontuan hartu gabe, hauek ziur kopurua bikoizten zutela eta.