Igantziko Euskara Batzordeak, azken urteotan egin izan duen bezala, aurten ere Udaberriko Bestak prestatu ditu, kultur ekitaldiz beterik. Ortzegunetik igandera, maiatzaren 1etik 4ra bitartean izanen dira. Hasteko, maiatzaren 1ean, ortzegunarekin, arratsaldeko 5etan haurrentzako filmak izanen dira eskolako gimnasioan; lehen filma txikienentzat izanen da, eta bigarrena 8 urtetik goitikoentzat. Hurrengo egunean, maiatzaren 2an, ortziralarekin, arratsaldeko 17:00etan eskolako ikasleen antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Azken hilabeteotan eskolako Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleak antzerkia lantzen aritu dira, Joxelu Berasategi beratarrarekin, eta egun horretan prestatu duten antzezlana eskainiko dute herritarren aitzinean. Egun berean, arratsaldeko 19:30ean eta Eskolzarren, herriko maparen aurkezpena eginen da.
Herriko mapa
Azken bi urteotan Igantziko Euskara Batzordea herriko maparen proiektuarekin ibili da. Hasiera batean mapa finantzatzeko bideak aztertzen aritu ziren, eta hori konponduta, proiektuari hasiera eman zitzaion. Kirru Sarobe lesakarrak bere burua eskaini zuen mapa egiteko, eta berarekin batera, Oskar Txoperena ere lan horretan aritu da; izan ere, azken urteotan herriko artxibategi ezberdinak aztertzen aritu ondotik, toponimiari edo toki izenei buruzko informazio aunitz bildua zuen, eta mapa honek aukera paregabea ematen du informazio hori guztia bertan txertatzeko. Mapa prest da dagoeneko, eta maiatzaren 2an, Udaberriko Bestak aprobetxatuz, aurkezpen publikoa eginen da, arratsaldeko 19:30ean Eskolzarren. Bertan antolatzaileek eta egileek eurek mapa nola eta zergatik egin den azalduko diete bertaratzen diren herritar guztiei, eta maparen ale bana emanen diete. Edozein kasutan, batzordeak etxe guztietara banatuko du maparen ale bana ondoko asteetan. Hortik aitzinera, salgai paratuko da.
Bideo emanaldia eta bertsolariak
Biharamunean, maiatzaren 3an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasita eskolako ikasleen bideo emanaldia eta erakusketa izanen da, gimnasioan. Ondotik, arratsaldeko 18:00etan, herriko bertso eskolako ikasleen saioa izanen da. Egun berean, arratseko 21:30ean, Igantziko Biltoki elkarteak antolatutako barrikotea izanen da. Maiatzaren 4a izanen da ekitaldi hauen azken eguna. Igande horretan arratsaldeko 16:30ean hasiko dira ekitaldiak, eskolako ikasleen irakurketa saioarekin eta ikus-entzunezkoekin. Akautzeko, arratsaldeko 18:00etan Baratzondon Patxin eta Potxin pailazoen saioa izanen da.