Prekaritatea salatu du LABek Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean

TTIPI TTAPA 2008ko api. 28a, 16:46
Zalaingo industrialdean elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak TTIPI TTAPA

Ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egin dute

Apirilaren 28a Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu. Lan segurtasun eta osasunaren defentsan erreferenta da eta, langileok eskubide hau urratuta dugun heinean, aldarrikapen eta borroka eguna ere bilakatzen ari da. Honela, astelehen eguerdiko ordubata terdietatik ordubi terdietara geldialdia deitua zuen LAB sindikatuak lantegietan eta horrez gain, elkarretaratzea ere egin du Alco parean, “Prekaritatea salatu, borrokatu, garaitu” lemapean.

Iaz 125 hildako Euskal Herrian lan istripuan

LABen ustez, “batzuetan lan istripuek hiltzen gaituzte eta bertze auniztan lan baldintzek ez digute bizitzen uzten, eta pixkanaka-pixkanaka gure osasuna galtzen dugu”. Honen ondorioz, iaz 125 langile hil ziren Euskal Herrian eta milaka lan istripu izan ziren. LABen arabera, “ezagunak dira lan istripu eta gaixotasunak ekiditeko hartu behar diren neurriak, hala ere, estatistika beltzak urtez urte errepikatzen dira. Langileon bizia da arriskuan dagoena eta honekin ezin da jolastu, ezin da patronalaren diruzalekeriaren menpe egon”.

Maiatzaren 1a

LABek eredu politiko eta sozial alternatibo baten alde borrokatzeko konpromisoa berresteko deia egin dio euskal langileriari eta jarrera hori tinko agertzeko maiatzaren 1ean “Langileok aldaketa eragin. Gora Euskal Herri gorria” lemapean Iruñean, eguerdiko 12etan, Golem zinematik aterata, burutuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko gonbitea luzatu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun