Tantirudantza ospatu zuten igandean Lesakan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Igande honetan, apirilaren 27an, Tantirudantza jaialdia ospatu zen Lesakan, herriko Tantirumairu euskal folklore taldeak antolatuta. Aurten, herriko dantzariekin batera, Lasarteko Erketz, Faltzesko Makaia eta Getariako dantza taldeak hurbildu ziren Lesakara. Goizeko 10:30ak aldera ongietorria egin zitzaien Tantirudantzan parte hartu behar zuten taldeei eta gero, karrikaz karrika, bakoitzak bere aldetik dantza saioak eskaini zituen, eguraldi eguzkitsu eta beroa aprobetxatuz.

Zubigainekoa

Eguerdi aldera, talde guziak Onin erreka ingurura hurbildu ziren, Tantirumairu dantza taldeko ttikiek eskaini zuten Zubigainekoa ikustera. Segidan, plaza aldera jo zuten eta talde bakoitzak bizpahiru dantza eskaini zituen.

Bazkalondoan pailazoak

Goizeko emanaldiak akaututa, kanpotik etorritako dantzariek herriko dantzarien eta laguntzaileen etxeetan bazkaldu zuten eta taldeekin etorritako musikari eta irakasle helduek berriz, elkarrekin bazkaldu zuten. Eguna borobiltzeko, arratsaldean Kiki eta Koko pailazoen emanaldia izan zen plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun