Lesakako Ezker Abertzaleko hautetsiek, azken hilabeteetako gertaeren ondorioz, Udaleko batzordeetan lan egiteari utziko diotela jakinarazi zuten ortziral arratsaldean Kasinon egindako agerraldian aipatu zutenez. Iban Maiak eta Edurne Rekondok kasik urtebete eman dute Herriko Etxeko batzorde, pleno eta bertze eginbeharretan, baina azken aldian lanerako baldintza minimorik ez dutela izan aipatu zuten, eta informazioa ez ezik, hitza ere ukatu zaiela plenoetan. Oningo zinegotzi baten dimisioarekin gauzak aldatuko zirela uste bazuten ere, ez da halakorik gertatu eta horregatik erabaki dute lanak uztea, Iban Maiak aipatu zuenez.
Politikagintzan aritzeko eredu berdina
Edurne Rekondok aipatu zuenez, EA eta Onin, PNVren 20 urteko kudeaketa txarraren alternatiba gisa aurkeztu zuten beren buruan, baina politikagintzan aritzeko eredu berdin-berdina dute eta ezker abertzalea baztertu egin dute.
Landazelaiako etxebizitzei buruzko sinadura bilketa
Landazaleian 340 etxebizitza egiteko proiektua dagoela eta gaiaren garrantziak herritarrei informazioa gehiago ematea eskatzen duela pentsatuz sinadura bilketa kanpaina ere eginen du Ezker Abertzaleak, apirilaren 25ean prentsaurrean jakinarazi zuenez. Lehenik, eskura duen informazioa zabalduko die herritarrei batzarrean. Mila bizilagun gehiagoz solasten ari garela eta horrek herrian bere ondorioak izanen dituela aipatu zuten ezker abertzaleko kideek. Udalean parte hartuko ez badute ere, bertzelako lanetan segitzeko gogoz daudela ere azpimarratu nahi izan zuten.