Igantziko Euskara Batzordeak, azken urteotan egin izan duen bezala, aurten ere Udaberriko Bestak prestatu ditu, kultur ekitaldiz beterik. Ortzegunetik igandera, maiatzaren 1etik 4ra bitartean izanen dira. Hasteko, maiatzaren 1ean, ortzegunarekin, 17:00etan haurrentzako filmak izanen dira eskolako gimnasioan; lehen filma txikienentzat izanen da, eta bigarrena 8 urtetik goitikoentzat.
Hurrengo egunean, maiatzaren 2an, ortziralarekin, 17:00etan eskolako ikasleen antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Azken hilabeteotan eskolako Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleak antzerkia lantzen aritu dira, Joxelu Berasategi beratarrarekin, eta egun horretan prestatu duten antzezlana eskainiko dute herritarren aitzinean. Egun berean, 19:30ean eta Eskolzarren, herriko maparen aurkezpena eginen da, beheitiago azalduko dugun moduan.
Biharamunean, maiatzak 3, larunbata, 5etan hasita eskolako ikasleen bideo emanaldia eta erakusketa izanen da, gimnasioan. Ondotik, 18:00etan, herriko bertso eskolako ikasleen saioa izanen da. Egun berean, 21:30ean, Igantziko Biltoki elkarteak antolatutako barrikotea izanen da.
Maiatzaren 4a izanen da ekitaldi hauen azken eguna. Igande horretan 16:30ean hasiko dira ekitaldiak, eskolako ikasleen irakurketa saioarekin eta ikus-entzunezkoekin. Bukatzeko, 18:00etan Baratzondon Patxin eta Potxin pailazoen saioa izanen da.