Asier Apezetxea liderra da Euskadiko Open Spiuk txapelketako sailkapenean

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Openeko hurrengo saio puntuagarriak Irurtzunen eta Tolosan eginen dira

Garaipenez garaipen dabil mendi bizikletan aditua den gaztea. Elite mailako sailkapenean Conor-Saltoki taldeko txirrindularia goian dago sailkapen orokorrean. Euskadiko Open Spiuk Centros BTT delako txapelketaren lasterketa aitzinera doa eta Asierrek hagitz emaitza onak lortu ditu.
Aitzineko alean adierazi genizuen moduan, apirilaren 6an Arazuriko lasterketa irabazi zuen. Joan den apirilaren 20an, berriz, Arkalandan, Erandion (Bizkaia) egindako lasterketa puntuagarrian ere garaile atera zen. Proba zinez gogorra eta luzea izan zen kirolariarentzat, egindako euriteen ondorioz, lohia haundia baitzegoen. Horrek, noski, zailtzen du berez aski gogorra den txirrindularien lasterketa. Halere, kontent egoteko moduan dago Asier, Openeko lidergoa oraingoz berea baita.
Hurrengo proba puntuagarriak larunbat honetan, maiatzaren 3an Irurtzunen; eta bertzea maiatzaren 11n Tolosan korrituko dira. Zorte on

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun