Zabor organikoa murrizteko konpost makinak banatuko dira Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Virginia Arburua etxalartarrak etxe atarian paratua duen konpost makinari probetxua ateratzen dio. Hondakin organikoak zaborretara bota beharrean bere konpost makinara botatzen ditu. TTIPI TTAPA

Proba pilotuak eginen dira 80-100 etxebizitzetan

Etxeko sukaldean sortzen den zabor organikoa ongarri bihurtu. Horixe bera egiten du konpost makinak. Zaborra tratatzeko modu azkarra eta merkea dela diote adituek. Sukaldean materia organikoak gainerakoetatik bereizi eta makinara bota, egunero nahasi eta lau asteren buruan konposta egiten du, ongarria, alegia. Eta lorategi eta baratzeetara botatzeko prest. Europar Batasuneko araudiaren arabera, 2016. urterako erdira jautsi behar du zabor kopuruak, eta bide horretan ari dira Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatean. Berriki birziklatzea bultzatzeko poltsa bereziak banatu zituzten bortz herrietan. Orain, berriz, zabor organikoa murriztu nahi dute, eta horretarako konpost makinekin proba pilotuak eginen dituzte Arantza, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako 80-100 bat etxebizitzetan. Dohainik banatuko dira konpost makina horiek, eta konpostajea nola egiten den azaltzeko erabiltzaileei ikastaroa ere eskainiko zaie. Heldu den urtetik aitzinera izanen da hori. Proiektuaren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu Patxiku Irisarri Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko lehendakariak.

Gero eta gehiago birziklatzen da, baina aldi berean gero eta zabor gehiago produzitzen da. Gaur egun, etxean sortzen dugun zaborraren ia %45a zabor organikoa da, sukaldeko soberakina, eta zabor hori edukiontzietara joaten da neurri haundi batean bederen. Horri irtenbidea eman nahian, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak heldu den urtetik aitzinera eskualdean berritzailea den egitasmoa paratuko du abian. 80-100 etxebizitzetan konpost makinak doan banatuko ditu proba egiteko, eta zabor organikoa ere aprobetxatzen ahal dela erakusteko. Makina horrek ongarria sortzen du eta hori baratze eta lorategietarako erabilgarria da. Helburua, zaborra murriztu eta poliki-poliki ohitura hori hedatzea da.
Esperientzia pilotu horretan parte hartu nahi dutenentzat zerrenda bat irekiko dute eta herrietako biztanleriaren arabera banatuko dituzte konpost makinak. Behin banaketa egindakoan, hautatutako pertsonei ikastaro labur bat emanen zaie, makina behar bezala erabiltzen ikasteko. Gerora, segimendua ere eginen zaie, ongi erabiltzen duten ikusteko, eta okerrik egonez gero, zuzentzeko.
Zabor organikoa makinara bota eta zaborra kontsumitzen joaten da. Konpost makina desberdinak daude, baina garrantzitsuena konposta aireztatzea da, eta zaborra botatzen den heinean nahastea, horrela kontsumitzen joanen da. «Azken batean sistema naturala da. Basoan hostoak erortzean poliki-poliki kontsumitzen joaten dira eta ongarri bihurtzen dira. Hemen ere sistema bera da», azaldu digu Patxiku Irisarri Hiri Hondakin Mankomunitateko lehendakariak. Ez dute argindarrik behar, eta usainik ere ez dute sortzen, itxiak direlako eta filtro baten bidez usaina depuratzen dutelako. Gehienez ere, «usaina makinara sartu aitzinetik izaten da, baina gerora ez», baieztatu digu Patxikuk.
Mankomunitateari zenbateko gastua eraginen dion ez dakite zehatz oraindik, baina proiektua Madrilen aurkeztu dute eta han jasotzen duten dirulaguntzaren araberakoa izanen da kostua. Etxeko konpostaren aldeko apostua egin dute Bortzirietan, eta Patxikuk erran digunez, «erantzun ona» espero dute.

Tasen igoera

Erabiltzaileek igoera somatuko dute aurtengo tasetan, zehazki Nafarroako Hiri Hondakin Solidoen Partzuergoan dauden 9 mankomunitateetan. Mankomunitate horien artean daude, hain zuzen, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitatea, Malerrekako Zerbitzu Orokorren Mankomunitatea eta Baztango Udala. Leitzaldeko herriak ere Partzuergoarekin harremanetan jarri dira. 17,5 eurokoa izanen da urteko tasaren igoera, 1,45 euro hilean. Tasa berri horrekin 1,7 milioi euro bilduko dira aurten, eta horrez gain, Nafarroako Gobernuak 4,4 milioi euro bideratu ditu Partzuergora. Diru horrekin, zabortegiak itxi eta zaborrek orain arte jaso ez duten tratamentua jasoko dute, «iraunkorragoa den mundu batean bizi ahal izateko». Hala diote Partzuergoan. Halere, baliteke hurrengo urteetan tasek goiti egitea, Gobernuak laguntza murriztuko duela iragarri baitu. Etorkizunean Nafarroan hiru transferentzia planta eraikiko dira, horietatik bat Oronoz-Mugairin. Planta horietan zaborra banatu eta konprimitu eginen da, handik biometanizazio planta batera garraiatzeko. Bitartean Iruñera bideratuko dira eskualdeko zaborrak. Bortzirietan maiatzean hasiko dira aurtengo lehen seihilekoko tasak kobratzen. Gainerako bilketa gastuak berdin mantenduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun