Igande honetan, apirilaren 27an, Tantirudantza jaialdia antolatu du Lesakako Tantirumairu euskal folklore taldeak. Aurten, herriko dantzriekin batera, Lasarteko Erketz, Faltzesko Makaia eta Getariako dantza taldeak hurbilduko dira Lesakara. Goizeko 10:30ak aldera ongietorria egiten zaie parte hartu behar duten taldeei eta gero, karrikaz karrika, bakoitzak bere aldetik dantza saioak egiten ditu. Eguerdi aldera, talde guziak Onin erreka ingurura hurbiltzen dira, Tantirumairu dantza taldeko ttikiek eskaintzen duten Zubigainekoa ikustera. Segidan, plaza aldera joko dute eta talde bakoitzak bi dantza eskainiko ditu. Goizeko emanaldiak akaututa, kanpotik datozen dantzariek herriko dantzarien eta laguntzaileen etxeetan bazkaltzen dute. Taldeekin datozen musikari eta irakasle helduek berriz, elkarrekin bazkalduko dute. Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 17:30etan Kiki eta Koko pailazoen emanaldia izanen da plazan.
27 urteko historia
27 urte ez da nolanahiko zifra. Horietxek dira Tantirumairu euskal folklore taldeak dituen urteak. Lan handia egin behar da hainbeste urteetan hor mantentzeko. Ez da nahikoa handien taldea izatea, harrobia ere beharrezkoa da. Tantirumairu euskal folklore taldeak 25 urte bete zituen 2006 urtean. Mende laurdena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu zituzten: baserritar jantzien erakusketa, argazkien erakusketa, dantza saio berezia, bazkaria… Baina lana ez da bere horretan geratu. Urtean zehar hainbat emanaldi egiten dituzte. Ziur aski garrantzitsuena Lesakako bestetan egiten dutena da. Baina horrez gain, bertze bizpahiru saio ere suertatzen dira.
Mexikora bidaia
Handien taldea eredugarria izaten da txikienentzat eta kanpora ateratzea ere beharrezkoa da. 2007 urtean Yeyari Paniuka Nazioarteko lehenengo jaialdian parte hartu zuten, Durango estatuko batxiler eskolek antolaturik. Tantirumairu euskal folklore taldeaz gain, bertze talde hauek parte hartu zuten: Chinako Jilin, Peruko Ballet folklorico, Cahorcako Banda Sinfonica Juvenil e infantil, Centro Universitario teatral de la Universidad Nacional Autonoma de Mexico, Paraguayko Carmen Alice Acosta Franco eta Landetako Lous Ichancayres.
Herrian egiten duten lana, San Ferminetan ez ezik, Tantirudantza egunean ere erakusten dute. Hitzordua igandean, apirilaren 27an izanen da