XXV. ipuin eta ilustrazio lehiaketa deitu du Tantirumairu ikastolak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 25a

TTIPI TTAPA

6 eta 12 urteko ikasle lesakarrei zuzendua

Lesakako Tantirumairu ikastolak, hogeita bosgarren aldiz Txoko-Txiki ipuin eta ilustrazio lehiaketarako deialdia egin du, 6 eta 12 urte bitarteko ikasle lesakarrei zuzenduta.

Maila bakoitzeko ipuinak hasiera jakin bat izanen du

Ipuinak, maila bakoitzaren arabera, hasiera jakin bat izan beharko dute. Honela, Lehen Hezkuntzako lehen mailakoen ipuin hasiera, “Gau ilun-ilun batean itsasontzi zoragarri bat kaian agertu zen” izanen da.
Bigarren mailakoek, “Lehengo egunean, nire etxeko salan lasai-lasai sofan eserita nengoela, bi sagu ikusi nituen. Nik amari deitu nion eta ama erratz bat…” hasiera izanen dute.
Hirugarren mailakoek, “Berdori mendian nengoen, arrats iluna eta elurra mara-mara egiten zuen. Oraindik ez dizuet erran Beñat naiz. Zerua koloretakoa jarri eta beldurtu nintzen; haize bolada bat hurbildu eta ZAST!” izanen dute ipuina hasteko abiapuntua.
Laugarren mailakoen ipuinen hasiera “Duela urte aunitz elefante bat Afrikako sabanan bizi zen. Han lasai, gustura zegoen bere lagunekin. Baina egun batean…” izanen da.
Bosgarren mailakoen hasiera, “Inoiz ahantziko ez dudan egun haretan goiz ernatu, eskailerak jaitsi eta sukaldean sartu nintzen. Mahai gainean gosaria prest zegoen baina ez zen inor ageri” izanen da eta seigarren mailakoen hasiera, berriz, “Herri hau guztiak bezalakoa da: etxe batzuk zaharrak, bertzeak berriak… plaza handi bat, frontoi estali bat eta udaletxe eder bat”. Idazkerak, noski, ulergarria eta txukuna izan beharko du.

Ilustrazio lehiaketa

Ilustrazio lehiaketari dagokionez, gaia, idatzi duzun ipuinaren azala ilustratzeko marrazkia izanen da. DIN A4 neurrian aurkeztu beharko da eta teknikari dagokionez, arkatza beltza edo koloretakoa, errotulagailua edo argizaria erabiltzen ahal dira.

Maiatzaren 5a baino lehen

Lan guziak goitizenez sinatuko dira eta bertze aparteko orri batean, egilearen izena, adina, maila eta helbidea idatziko dira. Dena kartazal batean sartu ondoren maiatzaren 5a baino lehen ikastolara igorriko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun