Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketa deialdia egin du Lesakako Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 23a

6 eta 12 urte arteko ikasleek ere portada lehiaketa izanen dute

Lesakako Udalak 2008ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du. Kartelak 50 x 40 zentimetrokoak izan behar dute osotara eta azalak 25 x 20 zentimetrokoak. Derrigorrez berta agertu beharko du honako esaldi honek: Lesaka, 2008ko Sanferminak. Partehartzaileak Lesakan jaioak edota bertan bizi direnak izan behar dute eta lanak, gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz, maiatzaren 16ko eguerdiko ordubata baino lehen aurkeztu beharko dira Lesakako Herriko Etxean. Aurkezten diren lanak Sanferminetako programan argitaratu ahal izanen dira. Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuliko dira. Kartel nahiz azal lehiaketako lehen saria 500 eurokoa izanen da. Kartel irabazlea argitaratu da eta azal irabazlea, programaren aitzineko azalean joanen da.

Ikasleen lana, programaren gibeleko azalerako

Bi lehiaketa hauek helduei zuzenduak badaude ere, azken urteetan bezala, Lesakako ikastetxeetan ikasten ari diren 6 eta 12 urte arteko ikasleei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du, programaren gibeleko azala aukeratzeko. Helduen azal lehiaketan bezala, lanak 25 x 20 zentimetrokoak izanen dira eta “Lesaka, 2008ko Sanferminak” agertu beharko dute. Kasu honetan ere ohiko bidalketa sistema erabili beharko dute eta lanak maiatzaren 16ko eguerdiko ordubata baino lehen egon beharko du Herriko Etxean. Lehenbiziko saria 300 euroko balioa duen taloia izanen da, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko. Lan saritua, aipatu bezala, programaren gibeleko azalean argitaratuko da eta aurkezten diren bertze lanak ere, bestetako progra,am argitaratu ahal izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun