2008-09 ikasturterako izen emateko epea ireki du Berako Musika Eskolak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 23a

Ortzegunean kontzertua eskainiko du Usurbilgo Zumarte musika eskolak

Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolan, 2008-2009 ikasturterako aurreiskripzioa eta matrikulazioa egiteko epea zabalik dago apirilaren 14tik 28ra. Heldu den ikasturterako, ohiko ikasgai eta musika tresnen ikastaroez gain, zenbait berrikuntza izanen dira. Honela, txalaparta klaseak emanen dira, baita ezinduentzako musika eta jubilatuentzako musika ere.

Usurbilgo musika eskolaren kontzertua apirilaren 24ean

Bertze aldetik, ortzegun honetan, apirilaren 24an, Usurbilgo Zumarte Musika Eskolako kontzertua eskainiko du Berako Kultur Etxean, arratsaldeko 6:30etan. Usurbildarrekin batera, Berako Musika Eskolako ikasle batzuk ere parte hartuko dute zenbait kantetan. Egitarauari dagokionez, lehenbizi Zumarte Abesbatza ariko da eta gero Zumarte talde instrumentala. Ondotik, “Gernikako Arbola joko dute Isidoro Fagoagako Ane Eltzaurdiak txistuarekin eta Jokin Pinatxok pianoarekin. Segidan, musika eta mugimenduko ikasleek, prestakuntzako ikasleek eta Musika Hizkuntzako lehenbiziko mailako ikasleek “Gau batez sorgin bat…” kantua eskainiko dute eta emanaldia akautzeko, Zumarte trikitixa taldea ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun