Nafarroako Herri Kirol Jolasen hirugarren jardunaldia egin zen igandean Arantzan

Aitor AROTZENA 2008ko apirilaren 22a

Alebin mailako proba konbinatuan lehia estua eskaini zuten Arantza eta Igantziko kirolariek. TTIPI TTAPA

Haur eta Kadete mailetan Proba Konbinatu txapelketa eta Soka-Tira txapelketa ospatzen dira. Kimu mailan berriz Proba Konbinatu txapelketa bakarrik. Aipatzekoa da Arantzako pilotalekuko harmailak jendez gainezka ageri zirela. Izan ere, 200 bat kirolari mugitzen dute Nafarroako Herri Kirol Jolasek eta hauekin batera doazen erakusle, guraso eta lagunek ere giro ederra jartzen dute. Proben ordena hau izan zen: kimu mailako Proba Konbinatua, haur mailako Proba Konbinatua, kadete mailako Proba Konbinatua eta azkenik haur eta kadete mailako Soka-Tira.

Alebin mailako proba konbinatua

Alebin mailako Proba Konbinatuan bi multzotan banaturik aritu ziren. Lehenbiziko multzoan, Ultzama, Iñigo Aritza, Berriozar “A” eta Andra Mari aritu ziren. Lehia estua izan zuten Ultzama, Berriozar eta Andra Marik. Azkenean, Ultzamakoak nagusitu ziren, 6 minutu eta 30 segunduko denborarekin, bigarren Berriozar 5 segundura eta hirugarren Andra Mari 11 segundura. Iñigo Aritza izan zen laugarren, irabazleek baino 29 segundu gehiago erabilita. Bigarren multzoan aritu ziren eskualdeko kirolari gazteak, Basaburua, Arantza eta Igantzikoak, Berriozar “B”rekin batera. Lehen multzokoek baino denbora gehixeago behar izan bazuten ere, hemen ere lehia estua izan zuten, batez ere Baztan eta Bortzirietako taldeek. Azkenean Basaburua nagusitu zen 6 minutu eta 46 segunduko denborarekin eta hiru segunduko eskaseko aldea atera zion Igantziko taldeari. Arantza hirugarren izan zen, 13 segundura eta Berriozar B laugarren, 15 segundura. Eguneko sailkapenean Basaburua laugarren izan zen, Igantzi bosgarren eta Arantza seigarren.

Haur mailako proba konbinatua

Haur mailako Proba Konbinatuan ere bi multzotan banaturik aritu ziren: Lehen multzoan Txantrea, Berriozar, Andra Mari eta Basaburua aritu ziren. Andra Marik eta Basaburuak lehia estua izan zuten proba honetan. Batzutan Etxarri Aranazkoak, bertzeetan baztandarrak izaten ziren aitzinetik eta honela, arpanlarien hondar kortera arte ez zen erabaki garailea. Azkenean Andra Marikoak finago ibili ziren eta garaipena lortu zuten 9 minutu eta 29 segunduko denborarekin. Basaburuak 5 segundu eskas gehiago behar izan zituen. Txantrea hirugarren izan zen 22 segundura eta Berriozar laugarren 50 segundura. Bigarren multzoan Igantzi, Ultzama eta Sakana aritu ziren eta hemengoan ez zen halako emoziorik izan. Sakana aisa nagusitu zen eta kategoriako denborarik onena egin zuen, 9 minutu eta 19 segunduko denborarekin. Ultzama bigarren izan zen, 54 segundura eta Igantzik, minutu eta 44 segundu gehiago behar izan zuen lana akautzeko. Sailkapen orokorrean ere azkena izan zen Igantzi. Putterri taldeak ez zuen parte hartu Arantzan. Hori dela eta, azken sailkatutakoaren denbora jarri zaio.

Kadete mailako proba konbinatua

Kadete mailako proba konbinatuan Basaburuako taldea nagusitu zen, 9 minutu eta 49 segundu behar izan zituen. Ultzama izan zen bigarren, 10 minutu eta 4 segunduko denborarekin eta dexente denbora gehiago behar izan zuten Arantzak, 10 minutu eta 33 segundu; Andra Marik, 10 minutu eta 38 segundu, Berriozarrek, 10 minutu eta 40 segundu eta Txantreak, 10 minutu eta 45 segundu.

Haur eta kadete mailako sokatira

Sokatiran, haur mailan, 480 kilotan lehiatu ziren. A multzoan, Andra Marik tiraldi guziak irabezi eta 4 puntu eskuratu zituen; Basaburuak Andra Mariren kontra galdu eta bertze tiraldiak irabazi zituen, 3 puntu eskuratuz; Sakanak 2 puntu eskuratu zituen eta Berriozarrek bacará. Haur mailako B multzoan berdindu egin zuten Txantrea eta Igantzik. Elkarren arteko tiraldi bana irabazi zuten. Putteri aurkeztu ez zenez, 0 punturekin gelditu zen. Kadete mailako sokatiran, 540 kiloz beheitiko kategorian aritu ziren. A multzoan Basaburua nagusitu zen, Ultzama eta Andra Mariren aitzinetik eta B multzoan Txantrea gailendu zitzaien Iñigo Aritza eta Berriozarko taldeei.
Nafarroako Herri Kirol Jolasean laugarren jardunaldia heldu den igandean, apirilak 27, jokatuko da Bakaikun goizeko 11:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun