Amaiurko nesken taldea nagusitu zen Nafarroako lauko sokatira txapelketaren lehen jardunaldian

TTIPI TTAPA 2008ko api. 21a, 16:42

Amaiurko neskak nagusi izan ziren, plazara agertzen ziren lehen saioan. TTIPI TTAPA

Lesakan egindako saioan, Amaiur C eta Berriozar Bko mutilen artean berdindu egin zuten

Nafarroako lauko sokatira txapelketa hasi zen larunbatean, apirilaren 19an, Lesakako pilotalekuan. Emakumezkoak, 260 kiloz beheitiko kategorian lehiatu ziren eta gizonezkoak 310 kiloz beheitikoan. Emakumezkoetan lehen aldiz aritu zen Amaiur taldea eta erran behar da ezin hobe hasi duela bere kirol ibilbidea eta sorpresa handia eman zuela larunbatean Lesakan. Izan ere, hasierako urduritasuna gainditu eta lehenbiziko tiraldia irabazita poz ikaragarria hartu zuten. Baina pixkanaka ikusi zen hori ez zela kasualitate hutsa izan eta jokaturiko hamar tiraldietatik bat galdu zuten soilik, etxeko Beti Gazteren aurkako bigarren tiraldia hain justu ere. Baztandar eta lesakarren arteko bi tiraldiak ikusgarriak izan ziren.

Beti Gazte eta Amaiurren arteko lehia ikusgarria

Lehenbizikoa nahiko aisa eraman zuen Amaiurko laukoteak, baina bigarrenean, bi taldeak lurrean barna iraulka ibili ondotik, Lesakakakoan nagusitu ziren. Ordura arte tiraldi guziak irabaziak zituzten bai Amaiurrek, baita Beti Gaztek ere. Hortik aitzinerakoak ere irabazi zituen Amaiurrek, baina Beti Gaztek Sakanaren kontrako bi tiraldiak ere galdu zituen. Behar bada izenei erreparatuta, Sakana zen emakumezkoen artean faborito, baina Lesakan laukote gaztea paratu zuen goma gainean. Halere, Amaiurren kontra izan ezik, gainerako tiraldi guziak irabazi zituen. Beraz, Lesakan Amaiur izan zen lehena 13 punturekin; Sakana bigarren 12 punturekin, Beti Gazte hirugarren hamar punturekin, Berriozar Ak 6 puntu eskuratu zituen, Txantreari eta Berriozar Bri irabazita eta gainerakoen kontra galduta; Txantreak 3 puntu eskuratu zituen Berriozar Bren kontrako bi tiraldiak irabazita eta Berriozar Bk ez zuen punturik eskuratu, tiraldi guziak irabazi baitzituen.
Ondorioz, Amaiurko neskek, bere aurkezpenean, bere lehen garaipena lortu dute, eta biziki ospatu zuten larunbatean Lesakan egindako lan ona. Pisu horretan hiru jardunaldi jokatuko dira, eta hiru jardunaldietan biltutako puntuek erabakiko dute azken sailkapena, baina momentuz Amaiur dago sailkapen buruan.

Gizonezkoetan berdindu egin zuten Amaiur C eta Berriozar Bk

Gizonezkoen 310 kilokoan ere sei talde lehiatu ziren, horietatik hiru Amaiurkoak. Berriozarrek bi talde atera ditu eta Txantreako talde gazteak osatu du seikotea. Berriozar B eta Amaiur C gailendu ziren Lesakako lehen jardunaldian, elkarren artean parra egin zutelarik. Saioko laugarren txanda izan zen beren arteko norgehiagoka, eta tiraldi bana irabazi zioten elkarri. Lehenbizikoa Berriozarrek eraman zuen, 3 minutuko tiraldia eginda. Bigarrena, berriz, Amaiurrendako izan zen, minutu eta 13 segundoan. Bi taldeek mendean hartu dituzte gainerako aurkariak eta beraz, hamahiruna puntu eskuratu zituzten. Berriozar A izan zen hirugarren, bi talde hauen kontra galdu eta Amaiur A, Amaiur B eta Txantreari irabazita, 9 puntu eskuratu zituen. Amaiur Ak sei puntu eskuratu zituen, herriko B taldeari eta Txantreari irabaztean ondorioz eta Amaiur Bk hiru puntu eskuratu zituen, Txantreari bakarrik irabazi baitzion. Txantreako talde gazteak tiraldi guziak galdu zituen.

Hurrengo jardunaldiak Arbizun eta Errotxapean

Nafarroako lauko sokatira txapelketaren bigarren jardunaldia heldu den larunbatean, apirilaren 26an, jokatuko da Arbizun arratsaldeko 5etan eta azkena maiatzaren 10ean izanen da, Iruñeko Errotxapea auzoko Ave Maria zeharbidean, edo euria eginen balu, kiroldegiko frontoian. Arratsaldeko 5etatik aitzinera jokatuko da hondar saio hau ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun