Lesakako Gazte Eguna giro ederrean joan zen

Aitor AROTZENA 2008ko apirilaren 21a

Harrizulatzaileen erakustaldiak gazteen eta gazte ez direnen arreta piztu zuen larunbatean. TTIPI TTAPA

Gaztetxearen aldarrikapena egin zuten gazteek egun osoko ekitaldietan

«Amets bat, ilusio bat Gaztetxe bat!» lelopean Lesakako Gaztik antolatutako Gazte Eguna egin zen larunbatean. Goizean, haserako ekitaldia egin zen, txalaparta eta bertsolarien partehartzearekin. Xabier Silveira, Jon Barberena, Egoitz Zelaia eta Alaia Martin bertsolariek ongietorria eman zioten egunari. Gero, Iruñerriako okupazio mugimenduari buruzko diapositiba emanaldia eskaini zen Herriko Etxeko arkupetan. Beraien aldarrikapena gaztetxea izanik, Lesakako gazteek interes handiz segitu zuten Iruñaldeko gaztetxeen borroka agertzen zuen bideoa.

Harri zulatzaileak lasto altxatzaileen kontra

Honen ondotik, herri kirolak izan zuen bere tartea Lesakako Gazte Egunean. Lehenik, Igantziko lasto altxatzaileek egin zuten bere erakustaldia: Oskar Telletxeak, Xabi Seinek eta Carlos Seinek harriturik utzi zituzten plaza ingurura hurbildutako gazteak eta gazte ez zirenak ere. Telletxeak hamar altxaldi eman zizkion lasto fardoari eta Seindarrek berriz, hamekana. Beharbada herri kirolen artean ez da sobera ezaguna lasto altxatzea, baina Igantziko koadrila hasi zenetik inguru honetan, bederen, gehixeago ikusten da. Gure inguruan oraindik ezezagunagoa da harri zulatzaileen kirola. Bizkaiako Meatzealdean, minetan sortutako herri kirola omen da. Garai batean, bertzelako tresnarik ez zenean, barrenarekin eskuz egin behar izaten zituzten dinamita sartzeko zuloak harrietan. Bertze herri kirolak bezalatsu, lanbidea zena kirol bilakatu zen denborarekin. Herri kirol guziak gogorrak badira, harri zulatzaileena ere bereziki gogorra dela ikusi zen. Lesakako plazan, Trapagaran eta Errekatxo taldeek egin zuten lehenik erakustaldia. Hirukoteka banatuak eta erakustaile baten laguntzarekin, hamar zentimetroko zuloak egin behar izan zizkioten harriari, hamabost minutuko tartean. Zulatzaileen lana errazteko, laguntzaileak ura botatzen zuen zuloan eta azkenerako, harri puxkez, hautsez, urez eta izerdiaz blai ageri ziren kirolariak, gogortasunaren erakusgarri. Bizkaitarren arteko lehia horretan, partaideen artean neska bat zuen Trapagarango taldea nagusitu zen. Ondotik, harrizulatzaile eta lasto altxatzaileen arteko apostu ikusgarria izan zen. Lasto-altxatzaileek txandaka 40 altxaldi edo harrizulatzaile taldeak hamar zentimetroko zuloa nork lehenago egin zen norgehiagoka. Lehia estua izan zen, baina azkenean bi harrizulatzaile taldeek lortu zuten garaipena.

Bertsolariak lanean

Segidan, Xabier Silveira, Jon Barberena, Ainara Martin eta Egoitz Zelaia bertsolariek bertze saiotxo bat egin zuten kioskotik eta segidan, bertso-poteoa egin zuten. Baina batzuk poteatzen ari ziren bitartean, bertze batzuk, paella txapelketan lehian hasi ziren. Azkenean, Lesakako Dukeek, Mikel Aitor Flores, Jon Salaberria, Jokin Taberna eta konpainiak osatzen zuten taldeak, alegia, irabazi zuen txapelketa, baina talde guzien paellak dastatu zituzten herri bazkarian.

Arratsaldean jokoak eta elektrotunarekin poteoa

Bazkalondo luze eta lasaiaren ondotik, arratsaldean koadrilen arteko jokuak egin ziren giroa alaitzeko. Laranja dantza, makilaren jokua, aulkien jokua… lehia eta norgehiagoka baino gehiago, besta giroa nagusitu zen plazako joku ikusgarrietan.
Segidan, kalejira poteoa egin zen herrian barna Txortain Elektrotunaren konpainiarekin. Gauean, Lasha, Las moscas tronpeteras, Hesian eta Etsaiak taldeek kontzertua eskaini zuten, Lesakako Gazte Egunari akabaila borobila emateko. Guzira 400 bat lagun sartu ziren kontzertua aditzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun