«Amets bat, ilusio bat Gaztetxe bat!» leloarekin, larunbat honetan, apirilaren 19an Gazte Eguna antolatu du Lesakako Gaztik taldeak. Goizeko 10:00ak aldera hasiera ekitaldia eginen da bertsolari, txalaparta eta hizlariarekin. Gero, Iruñerriako okupazio mugimenduari buruzko diapositiba emanaldia eskainiko da. Honen ondotik harri zulatzaileen apostuak izanen dira bertsolariekin giroturik. Behin hau akaututa paella txapelketari hasiera emanen zaio eta gero prestatutakoarekin herri bazkaria eginen da.
Jokuak eta kalejira-poteoa arratsaldean, gaueko kontzertuaren aitzinetik
Arratsaldean koadrilen arteko jokuak eginen dira giroa alaitzeko. Segidan, kalejira poteoa eginen da herrian barna Txortain Elektrotunaren konpainiarekin. Gauean, urtero bezala, kontzertua izanen da honako taldeekin: Lasha, Las moscas tronpeteras, Hesian eta Etsaiak. Kontzerturako sarrerak eskualdean salgai daude: lehenago erosita 8 euroan izanen dira, bertan 10 euroan. Koldo Saenz, Lesakako Gaztik taldeko kideak aipatu digunez, «hain beharrezkoa den gaztetxea eskuratuko dugu, aspaldi hasi zen gaztetxearen aldeko borroka, baina orain bai erran dezakegula argi Lesakan ere Gaztetxea nahi dugu!». Zentzu horretan joanen da larunbateko Gazte Eguna ere.
«Gazteentzako egoera gordina»
Lesakako Gaztik taldearen ustez, gazteen egoera, Lesakan nahiz Euskal Herrian gordina da: “Euskal Herriarekiko errepresiotik ez gara libratzen, lanean kontratu duina lortzea ezinezkoa zaigu, etxebizitza bat eskuratzea ezinezkoa da soldata alkilerra baino baxuagoa delako, gure hizkuntza zapaldurik dago eta gure jai eredua kapitalismoak bultzatzen duen desfase kulturan oinarritzen da”.
Zaila izan arren, honekin guziarekin hautsi nahi du Lesakako Gaztik taldeak: “Zaila da sistemaren kateak apurtzea, urte luzetan landua izan den katea gogorra da eta, baina gazteok gure lanaren bitartez kateak apurtzen ari gara, eta nahiz eta bidea gelditu oraindik, euskal gazteriaren olatuak ez dauka etenik”.