Nafarroako Herri Kirol Federazioakh aurten hirugarren aldiz Nafarroako goma gaineko 4x4 txapelketa antolatu du. Baztan-Bidasoaldeko bortz taldek parte hartuko dute lau tiralari lauren kontra jartzen dituen sokatira txapelketan parte hartzen. Gizonezkoetan Amaiur A, Amaiur B eta Amaiur C eta emakumezkoetan Lesakako Beti Gazte eta Amaiur. Hain zuzen, Amaiurko emakumezkoak aurten eman dute lehen aldiz izena txapelketa honetan.
Mutilak 310 kiloz beheiti, neskak 260 kiloz beheiti
Guztira hiru jardunaldi jokatuko dira liga sisteman eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak pisu bakarrean lehiatuko dira. Gizonezkoen 310 kiloz beheitiko kategorian, Amaiurko hiru taldeekin batera Berriozar A eta B eta Txantrea lehiatuko dira. Emakumezkoetan, berriz, 260 kiloz beheitiko kategorian ariko dira eta Berriozar A eta B, Sakana eta Txantrea izanen dira lesakar eta amaiurtarren arerio.
Lesakan, Arbizun eta Errotxapean
Larunbat honetan, apirilaren 19an abiatuko da txapelketa Lesakan, arratsaldeko 18:00etatik aitzinera udal pilotalekuan jokatuko den saioarekin. Bigarren saioa Arbizuko kiroldegian jokatuko da apirilaren 26an, arratsaldeko 17:00etan eta azkena maiatzaren 10ean izanen da, Iruñeko Errotxapea auzoko Ave Maria zeharbidean, edo euria eginen balu, kiroldegiko frontoian. Arratsaldeko 17:00etatik aitzinera jokatuko da hondar saio hau ere.