Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak begirale, hezitzaile eta monitoreentzako ikastaroa antolatu dute. Ikastaroak dituen hiru ikasgariak hiru larunbatez emanen dira Berako liburutegian eta bakoitzak 6 orduko iraupena izanen du, beraz, guzira 18 ordu izanen dira. Goizeko 9etatik 14:00etara eta arratsaldeko 15:30etik 17:30era izanen dira.
Apirilaren 26an lehenbizikoa
Lehenbiziko hitzordua apirilaren 26an izanen dute begirale, hezitzaile eta monitore izan nahi dutenek. Soziolinguistika aisialdian eta hezitzaileen eginkizuna hizkuntza normalizazioan izanen da ikasgaia eta ikaste prozesua; funtzioak, galerak eta normalizazio urratsak; eta begiraleen jarrerak, motibazio estrategiak eta hizkuntza normalizaziorako tresnak landuko dituzte.
Maiatzaren 10ean hezkidetzaz eta berdintasunaz
Maiatzaren 10ean, hezkidetza eta berdintasuna izanen da ikasgaia. Sexismoaren itzalak gainditzeko ohartzea eta jabetzea; hezkidetzan eta berdintasunean heztea eta balio maskulino eta femeninoak deitzen diren horietan lotsarik gabe murgiltzea neska-mutikoak eta mugak gainditzea nahi da.
Maiatzaren 17an etorkinak aisialdian
Maiatzaren 17an, azkenik, etorkinak aisialdian eta mundua jolasean izanen da ikasgaia. Kulturartekotasunean hezteko estrategiak; jarrera eta jokabideak, estereotipo eta aurreiritziak saihesteko bideak; jokoaren kulturartekotasuna eta kulturen arteko elkarbizitza garatzeko baliabideak landuko dira.
Izen ematea apirilaren 17tik 25era
Izen ematea apirilaren 17tik 25era egin behar da Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Urkori 948 634125 telefonora deituz edo Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Manklomunitateko Berdintasun Arloko Ainhoari 948 635036 telefonora deituz. Aipatzekoa da ikastaroa debalde dela eta bukaeran parte hartzaileek ziurtagiria jasoko dutela. Bortzirietako udaleku irekietan lanean aritzeko orduan baloratuko da ikastaroan parte hartu izana. Gainera, bazkaria antolakuntzaren kontura izanen da eta parte hartzaileei intereseko materiala banatuko zaie.