«Ahalik eta hobekien jokatu nahi dut orain, eta aukera berriak ateraz gero, ba hobe»

TTIPI TTAPA 2008ko api. 15a, 17:10

Beñat MITXELENA Arantzako pilotari profesional berria TTIPI TTAPA

• Beñat Mitxelena Danboriena pilotariak (Arantza, 1987) apirilaren 11n egin zuen debuta profesionaletan herrian, Frontis enpresarekin. Nagore aitzinean lagun zuela Bengoetxea VII.a eta Armendarizen kontra aritu zen.
• Garaipen bat baino gehiagorekin erran dio adio afizionatu mailari. Martxoaren erdi aldera, Lehen Mailan Euskal Herriko Klub arteko Txapelketa irabazi zuen banaka. Lizarran eta Elgoibarren ere, 22 urtez azpikoetan txapeldun izan da aurten.
• Profesionaletarako saltoa egin arren, ingeniaritza ikasketekin segitzen du Arrasaten.

Kontent eta ilusioz hartu zuen Beñat Mitxelena pilotari aranztarrak Frontis enpresak profesionaletan aritzeko egindako eskaintza. «Bertzeak profesionaletara doazela ikusita, guri ere noizbait tokatzen ahal zitzaigula pentsatzen nuen, baina sorpresaz harrapatu ninduen». Berako Gure Txokoa Elkartearekin egin zituen afizionatuetako bere azken pilotakadak Beñatek, zenbait txapel buruan gainera. Martxoaren erdi aldera, Lehen Mailan Euskal Herriko Klub arteko txapelketako txapela jantzi zuen banaka, eta 22 urtez azpikoetan Lizarra eta Elgoibarren ere txapeldun atera zen. Dena den, herriko Ekaitza pilota elkarteaz ere ez da atzendu, duela gutti arte han aritu baita pilotan. Ttikitatik datorkio pilotarako afizioa. Mutiko koxkorra zela larunbatetan goizean goiz jaiki eta pilotan aritzera ziren Pikabea laguna eta bera. «110 tantora partidak jokatzen genituen», dio Mitxelenak irribarrez. Orain partida laburragoak jokatuko ditu, nahiz eta Frontisek txapelketetan sistema berezia erabili. «Ez dira 22ra bitarteko partidak jokatzen. Lehenbizi partida bat 10era egiten da, eta bigarren bat ere bai 10era. Enpatea egon bada, hirugarren bat jokatzen da bortz tantora», azaldu digu.
Atzelari segurua da Mitxelena, eta eskuinaz zein ezkerraz biekin moldatzen da ongi. Hala ere, indar pixka bat falta zaiola aitortu digu: «Argal xamarra izan naiz beti eta indarra behar dut. Nahiz eta eskuina izan, ezkerrarekin konfidantza gehiago omen du.
Eskuin eskuko mina tarteko, debutaren eguna zalantzan eduki arren, azkenean apirilaren 11 aukeratu zuen horretarako, jaioterrian bertan. «Non ari nahi nuen galdetu zidatenean nik segidan Arantzan nahi nuela erran nuen. Frontoia ezagutzen dut, beti hemen aritu naizelako». Herritarren aitzinean jokatzeak urduritasun puntu bat ematen ziola ere aitortu zigun debutaren aitzinetik, baina berak herrian nahi zuela. Mekaniko Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egiten dihardu Arrasaten, eta zenbaitetan pilotarekin bateratzea gogorra egiten zaion arren, «denetarako denbora atera daiteke». Eta argi dago baietz.
Akordeoilaria ere bada Beñat, eta Lesakako Akordeoilarien Bandan jotzen segitzen du oraindik, Andoni anaiarekin batera. 15 urte arte Beti Gazteko futbol taldean ere ibilia da, baina azkenean pilota hautatu zuen.
Gaztea da oraindik, ibilbide luzea du aurrez-aurre eta aukera haundiak ditu. Bi urterako kontratua sinatu du Frontisekin eta ahalik eta hobekien jokatzea du orain buruan. Eta Aspe edo Asegarcerekin jokatzeko aukera suertatuz gero? «Ba, hobe!». Baina momentuan «ez nago horretan pentsatzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun