Dependentzia duten pertsonei arreta zerbitzuak eskaintzeko enplegu tailerra eginen da aurten Lesakan. Tailer honetan, 25 urtez goitiko 15 langabe prestatuko dira eta maiatza erdialdera hasiko da. Cederna-Garalur erakundeak antolatu du ikastaroa eta Enplegu Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Gobernuaren laguntza izanen du, baita Europako Gizarte Fondoarena eta Lesaka, Bera, Baztan eta Doneztebeko Udalena ere. Hain zuzen, erakunde horietako ordezkariak izan ziren apirilaren 4an egindako aurkezpenean.
Enplegu tailer hauek prestakuntzarako eta lanerako programa mistoak dira, 25 urte edo gehiago dituzten langabeek lan merkatuan sartu ahal izateko erraztasunak eman nahi dituztenak. 6 eta 12 hilabete arte iraunen dute eta prestakuntza eta lana bateratuko dira. Tailer hau egiteko, Gobernuak Enplegu Zerbitzuaren bidez, 149.191 euro eman ditu. Tailerrean ariko direnez gain, tailerreko zuzendari eta monitore postuetarako deia ere egin da. Ikasleen %80a guttienez lan munduan txertatuz gero, etorkizunean halako tailer gehiago ekartzeko asmoa dago.