«Amets bat, ilusio bat Gaztetxe bat!» leloarekin apirilaren 19an Gazte Eguna antolatu du Lesakako Gaztik taldeak. Goizean hasiera ekitaldia eginen da bertsolari, txalaparta eta hizlariarekin. Gero, Iruñerriako okupazio mugimenduari buruzko diapositiba emanaldia eskainiko da.Honen ondotik harri zulatzaileen apostuak izanen dira bertsolariekin giroturik. Behin hau akaututa paella txapelketari hasiera emanen zaio eta gero prestatutakoarekin herri bazkaria eginen da. Arratsaldean koadrilen arteko jokuak eginen dira giroa alaitzeko. Segidan, kalejira poteoa eginen da herrian barna Txortain Elektrotunaren konpainiarekin.
Gauean, urtero bezala, kontzertua izanen da honako taldeekin: Lasha, Las moscas tronpeteras, Hesian eta Etsaiak. Kontzerturako sarrerak eskualdean salgai daude: lehenago erosita 8 euroan izanen dira, bertan 10 euroan.
Antolatzaileek diotenez, «hain beharrezkoa den gaztetxea eskuratuko dugu, aspaldi hasi zen gaztetxearen aldeko borroka, baina orain bai erran dezakegula argi Lesakan ere Gaztetxea nahi dugu!».