Apirilaren 4an Labiaga Ikastolako ikasle ttikiek Berako suhiltzaileen egoitza ezagutzeko aukera eduki zuten. Suhiltzaile bolondresek egiten duten lanaren berri jaso zuten argazkikoek. Bertzalde, aipatu, bederatzi hautagai aurkeztu direla herriko suhiltzaile bolondres izateko deialdira. Guztiak ere beratarrak dira, 18 urtetik 37 urtera bitartekoak, eta ekainaren 14a bitarte suhiltzaile izateko 50 orduko ikastaroa eginen dute hamar larunbatetan. Gero azken azterketa bat ere gainditu beharko dute. 102 urte ditu Berako suhiltzaileen bolondres taldeak, eta duela hilabete batzuk laguntza gehiago eskatu zuen, bolondres beteranoenak erreserbara pasatu direlako. Hautagai berriek ikastaroa gaindituz gero, 28 suhiltzaile bolondres edukiko lituzke Berak guztira.