Kiroldegi ondoan egiten ari diren ditxosozko etxe horren inguruan beratar baten hausnarketa publikoki adierazi nahi dizuet.
Lehenbizikoa, izugarri itsusia dela, munstroa dirudi. Berako herri politak, itxura hainbertze zaintzen duen herriak, ez du horrelakorik merezi. Pentsatu al duzue gure umeak eta hurrengoak zenbatetan galdetuko duten «nola eta nork utzi zuen hori eraikitzen?».
Bigarrena, ondoko etxeetako biztanleen nahigabea. Betirako haserre eta gogo txarrez egoteko arrazoi handiarekin. Elkarbizitzeari kalte gogorra egiten dion gaia.
Eta Berako Udalak zer egiten du? Lege barrenean dagoela erran eta erruak bertze batzuei bota. Uste duzue horrela konpontzen dela?
Segituko du leku ikaragarri itsusia izaten eta jendea haserre.
Zinegotzi eta alkate izateko aurkezten direnak herriaren onerako lan eginen dutela diote beti. Hala bada, saia zaitezte arazoa konpontzen. Dirua behar dela horretarako? Ez da diruarekin ordaintzen zenbait beratarren nahigabe eta tristura eta ondorengo urtetarako geldituko den Berako itxura txarra ezta ere. Bertzalde, konponduko bazenute, zuen satisfazioa eta aunitzena ahaztezina litzateke.
Animo eta aurrera!
Mª Carmen Lanz Bera